Mireia Zarate: “Estatuko Gobernu Zentralarekin adostutako akordioak bermatzen du Euskadiren interesak Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotzea”

EBBko idazkari andreak uste du Otegi ez dela oso “sinesgarri” agertzen Estatuko Kontuei emandako babesa euskal errepublikarako urratsa dela esaten duenean. “Hala balitz, nik Ezker Abertzaleari galdetuko nioke azken 40 urteotan zer egiten aritu ote den”
26 Azaroa 2020 | EBB

Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak gaur baieztatu du EAJ-PNVk Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziaketan “bermatu nahi izan duela” “Euskadiren eta euskal herritarren interesak aurrekontu horietan islatuta eta jasota egon daitezela”, talde jeltzaleak lortutako askotariko akordioetan egiaztatu den zerbait. Zaratek horien artean nabarmendu ditu Makina-Erremintaren Renove Plana (50 milioi euro),dieselaren hobariak ( 400 milioi) “Euskadin milaka lanpostu ez galtzea ekarriko dutenak”, Loiolako kuartelak kokatuta dauden lurren besterentzea, inbertsioak Forondako aireportuan eta B+G esparruan, Zorrotzan trenbideak lurpetik eramatea,… eta Gobernu zentralak hitzeman dituen beste hainbat azpiegitura eta inbertsio. “Pozik gaude”, esan du. Bilboko Herri Irratiari emaniko elkarrizketan, Zaratek nabarmendu nahi izan du Gobernu zentralak eta gainerako erakundeek Aurrekontuak onartuta izateak daukan garrantzia, bereziki mundu mailako pandemia egoera honetan. “Estatuko Aurrekontu Oroko hauek bermatu behar dituzte gizarte zerbitzu guztiak eta koronabirusak eragin duen krisiari erantzuna ematea”, baieztatu du ordezkari jeltzaleak.

Halaber,EBBko idazkari andreak argi utzi nahi izan du EAJ-PNVk Madrilen ez duela “inolako auzirik” EH Bildurekin eta, izan ere, “oso albiste ona” da koalizioak estrategia aldatu izana. “Albiste ona da euskal gizartearentzat Bilduk bide berri batetik joatea erabaki izana. Ezker Abertzaleak orain arteko norabidea aldatzea erabaki du ,EAJk azken urteotan guztiotan ibili duen bidea abalatuz”, baieztatu du. Arnaldo Otegik atzo EH Bilduk Estatuko Kontuak babestearekin euskal errepublikarako lehen urratsa eman duela esanez egin zituen adierazpenez galdetuta, Zaratek ez ditu sinesgarri jo. Eta, hausnarketa bat partekatu du “Horrek benetan errepublikara hurbiltzea ekarriko balu, nik Ezker Abertzaleari galdetuko nioke azken urteotan guztiotan zer egiten aritu ote den”.

Zaratek era berean deitoratu duenez Bilduk “Espainiako alderdiekin” negoziatzeko borondate argia erakusten duen arren, ez du jarrera bera erakusten Euskadiko Aurrekontuak negoziatzeko orduan. “Erantzukizuna eta koherentzia erakutsi nahi badu, are gehiago oraingoa moduko osasun krisian eta pandemian, Euskadin izango du aukera paregabea” aurrekontuen negoziaketan. Ildo beretik, EBBko idazlariak Ezker Abertzaleari eskatu dio EAEn EAJ-PNVrekin daukan “auzia” bertan behera uztea eta Eusko Jaurlaritzaren kontuak babestea “bere interes propioak baino, euskal hiritargoaren interesak balioetsiz”.

PARTEKATU