Urkullu Lehendakaria Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen bileraren buru izan da

Iñigo Urkullu Lehendakaria Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen bileraren buru izan da. Bertan, Lehendakariak azpimarratu du, legegintzaldi berri honetan, inoiz baino gehiago, Kanpo Ekintzako ekimenak egungo lehentasunen zerbitzura jarriko direla: pandemia gainditzea; ekonomia eta enplegua suspertzea; eta garapen jasangarrian aurrera egitea. "Zehatzago esanda, Euskadik hiru trantsizio globalei aurre egiteko lan egingo dugu: osasunekoa eta soziala; energetikoa eta klimatikoa; teknologikoa eta digitala", zehaztu du
Urkullu Lehendakaria Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen bileraren buru izan da
25 Azaroa 2020 | Eusko Jaurlaritza

Halaber, euskal autogobernua sendotzeko ere lan egingo dela adierazi du, "Euskadi Basque Country Estrategiaren bidez gure presentzia eta nazioarteko proiekzioa bultzatuz".

Bestalde, Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu du Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna dela Next Generation Europako Funtsari begira proiektuak egitea eta aurkeztea. Hala lankidetzako gobernantza-eredua bideratzen ari direla azaldu du, eta dagoeneko hamaika lan-bilera egin dituztela erakunde publiko guztiekin, eragile ekonomiko eta sozialekin. Lankidetza prozesu horren ostean, Gobernu Kontseiluak "Euskadi Next" programa onartuko du abenduaren 29an. " Herri-proiektu bat garatzeko aukera dugu, Euskadi berde, digitala eta inklusiboa eraikitzen jarraitzeko", adierazi du lehendakariak.

Gaur goizean ospatu den bileran, Lehendakariarekin batera egon dira Arantxa Tapia, Bingen Zupiria eta Javier Hurtado sailburuak; baita Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia ere. Gainerako kideek modu telematikoan parte hartu dute. 

Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea

Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea gizarte zibilak parte hartzeko eztabaida gune irekia da, Euskadin nazioartekotzeari buruzko eztabaida eta aholkularitza bultzatzeko helburua duena.

Batzordea Euskadiko eragileek osatzen dute gehien bat, eta batzordekideak askotariko profiletakoak dira eta nazioarteko esparruaren ezagutza zabala dute; besteak beste, soziala, akademikoa, kulturala, teknologikoa eta enpresa-arlokoa.

Iturria: Irekia

PARTEKATU