Beatriz Artolazabal: “Memoriak ez du jaurtitzeko arma izan behar, kohesiorako tresna bat baizik”

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu ditu ekitaldia eta datorren azaroaren 10eko Memoria Eguneko kanpaina, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariarekin batera
Beatriz Artolazabal: “Memoriak ez du jaurtitzeko arma izan behar, kohesiorako tresna bat baizik”
02 Azaroa | Eusko Jaurlaritza

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, prentsaurrekoan, datorren azaroaren 10eko Memoria Egunerako ekintzak aurkeztu ditu. José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariarekin batera aurkeztu ditu.

Beatriz Artolazabal sailburuak aurtengo kanpainaren lema aurkeztu du: “Atzera begiratu aurrera jarraitzeko | Mirar hacia atrás para seguir adelante”, eta nabarmendu duenez, “iraganari begiratzeak, nagusiki eta batez ere, begirada berria dakar, beste modu batera begiratzea; begirada kritikoa, inklusiboa, irekia, ausarta, gizatiarra, konskruktiboa eta etikoa”.

Gako horiek, sailburuak esan duenez, begirada berri horren ezaugarriak laburtzen dituzte, eta honako hau nabarmendu du: “memoriak ez du jaurtitzeko arma izan behar, kohesiorako tresna baizik, ez banaketarako. Begi kritikoekin eta autokritikoekin begiratu behar da, gorrotorik gabe, erresuminik gabe, mendekurik gabe. Baliteke diagnostikoa ez partekatzea, baina indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen bidegabekeriaren balorazio kritikoa parteka dezakegu eta partekatu behar dugu".

Etorkizunean giza eskubideen urraketarik ez egoteko eta bizikidetza adiskidetuaren oinarriak sendotzeko, Artolazabal sailburuak esan duenez, “memoriaren politika partekatua ez da Gobernuaren erronka bat, herrialde erronka bat baino”.

José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak iragarri du, bestalde, Memoria Eguneko ekitaldi nagusia azaroaren 10ean izango dela, Gogoraren egoitzan, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria izango dela bertako buru.

Rodríguez Ranzek aurtengo kanpainaren ardatza ere azaldu du, eta, nabarmendu duenez, “guztiok dugu gazteei iraganari begiratzen laguntzeko ardura”. Bere iritziz, gainera, “Gogoraren lehentasunezko ardatzetako bat” ere bada, eta, hori dela eta, Institutuak hezkuntza-eragileekin batera lan egiten du. “Esparru horretan, proiektuak egin ditugu, besteak beste, Adi-adian edo Memoria Plaza programak; haien bidez, hogeita hamar mila euskal gaztek baino gehiagok aurrez aurre ezagutu dituzte biktimen lekukotzak, eta horretarako prestatutako materialekin lan egin dute”.

Sailburuaren iritziz, “pertsonaren duintasunaren eta bortxaezintasunaren balioak, errespetua, giza eskubideen defentsa eta sustapena eta indarkeriaren bidegabekeriari zilegitasuna erabat kentzea oinarri dituen euskal gazteria, zalantzarik gabe, etorkizuneko Euskadi adiskidetuarentzako eta bakean bizi den eta giza garapen jasangarriarekin konpromisoa duen Euskadirentzako aktibo garrantzitsuena da”. 

Covid-aren ondoriozko pandemiaren egungo testuinguruak ez du aukerarik ematen aurrez aurreko taldeko dinamikak egiteko, aurreko urteetan Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sustatu dituenak bezalakoak. Hori dela eta, eta Aintzane Ezenarro Institutuko zuzendariak azaldu duenez, web-orria gaitu da eta bertatik ikusaraz eta deskarga daiteke aurtengo kanpainaren materiala. Kanpainako materialaren artean, nabarmentzekoa da ekimen horietan parte hartu duten gazteen ahotsak batzen dituen bideoa; bertan agerian uzten da memoriaren transmisioan eragiteko beharra.

Aintzane Ezenarrok nabarmendu du nolako garrantzia duen biktimek oroipen-ekitaldietan parte hartzeak. Aurten, Covid19-a dela eta, ekitaldia Irekia orrialdean streaming bidez jarraitzeko aukera dago.

Kanpainaren material guztiak eta material gehigarria Gogoraren web-orrian daude eskuragarri, honako helbide hauetan:

Euskara

Gaztelania

Iturria: Irekia

PARTEKATU