Kultura, Euskara eta Kirol arloetako politikak gaur egungo egoera gainditzera eta 2030eko Euskadi eraikitzera bideratu behar direla azaldu du Zupiriak
28Urria 28
|
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak agerraldia izan du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean datozen lau urteotarako bere Sailak finkatu dituen erronka eta helburu nagusiak azaltzeko.
Hasteko Zupiriak azpimarratu du Kultura eta Hizkuntza Politika sailak ahalegina egin duela martxotik hona “beste herri erakundeekin batera lan egiten, eta kultura, hizkuntza politika eta kirola posible egiten duten era guztietako eragileekin harremanetan egoten, egoeraren azterketa egin eta posible izan den kasuetan neurri aringarriak edo lagungarriak eskaintzeko helburuz”. Hala ere, gaineratu duenez, akatsa litzateke kultura, euskara eta kirol arloetako politikak egungo errealitatera mugatzea, “ezin diogu uko egin kultura, euskara eta kirol arloetan 2030eko Euskadi eraikitzeko bide orriari”.
Bingen Zupiriarekin batera Eusko Legebiltzarrean izan dira Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politika Sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia.
Elkarlana eta lankidetza dira, Zupiriak azaldu duenez, sailaren konpromiso nagusienak. Lankidetza gobernu barruan, herri-erakundeekin, Foru Aldundiekin eta udalekin. Baina baita sektorearekin eta eragileekin ere. Horrela, elkarrizketarako eta akordiorako eskua luzatu die Legebiltzarreko alderdiei.
Kultura
Eusko Legebiltzarreko agerraldian, kultura politikei dagokienean, Kultura 2019-2022 planarekin lerratuak dauden bost konpromiso nagusi azpimarratu ditu Bingen Zupiriak:
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea handitzen jarraitzea, Irakurketa Sustatzeko Euskal Plana zehaztu eta onartzea edo eta e-liburutegia garatzen jarraitzea ere badira, Zupiriak azaldu duenez, bere sailaren erronkak legealdi berriari begira. Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere agerraldian nabarmendu duenez, “lortu behar dugu gure gizarteak ikustea eta baloratzea kulturak herri honen garapenari eta herritasunari egiten dion ekarpen izugarriaz gain, enpleguari eta barne produktu gordinari ere egiten dien ekarpena. Hori ere izango da lantalde honen konpromiso irmoetako bat”.
Etxepare Institutoa
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren barnean dagoen Etxepare Institutua ere izan du hizketa gai Bingen Zupiriak Legebiltzarrean. 10 urte beteko dira aurten Etxepare Institutua sortu zenetik eta euskara eta euskal kultura munduratzen egin dituen aurrerapenak azpimarratu ditu Zupiriak eta sailaren konpromisoa euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzea dela adierazi du. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat “euskarari, kulturari eta sortzaileei ateak zabaltzetik haratago, Institutua bera kultur diplomaziarako tresna bat da, giltzarri da munduko beste hizkuntza eta kultura institutuekiko eta erakundeekiko harremanetan, nazioarteko foro eta elkarrizketa guneetara Euskadiren ahotsa eramanez, eta gure kultura eta hizkuntza ikusaraziz”.
Hizkuntza Politika
Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian Bingen Zupiriak adierazi du euskararen ezagutzan eta erabileran aurrera egitea Herri-helburua dela Eusko Jaurlaritzarentzat legealdi honetan ere. “Euskararen erronkei ezin die Jaurlaritzak soilik erantzun; gizarte osoaren bultzada behar du: Euskal Herriko gainontzeko herri-erakundeen eta herritarren ordezkariena, euskalgintzarena, norbanakoena” adierazi du. Horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak hiru konpromiso nagusi dituela azaldu du. Batetik, euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea. Bigarrenik hizkuntza eskubideak bermatzea. Eta hirugarrenik, euskararen lurralde guztietan erakunde arteko lankidetza indartzea euskararen geografia osoan euskarak aurrera egin dezan. Konpromiso guztiak erronka zabal batek zeharkatzen dituela azpimarratu du Zupiriak: “euskararen prestigio soziala hobetzeko diskurtsoen eraikuntzak eta garapenak”.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “Euskararen eta gaztelaniaren arteko arrakala eta desorekarik gabeko gizartea irudikatzen dugu guk, non haur, gazte zein helduek normaltasunez ulertu, jakin, eta erabiliko dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak, edozein eremutan edo unetan”. Gaineratu duenez, “horrek gobernantza zabala eta partekatua eskatzen du. Partekatua, erakundeon lankidetzaren zentzuan; partekatua, alderdi politikoen adostasunei dagokienez; partekatua, euskalgintzarekiko; eta partekatua gizarte osoarekin, elkarri eskua emanda egin beharreko bidea delako euskararena”. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat “gizarteak euskara lagun eta bidelagun sentitu behar du”.
Hori dela eta, Zupiriak iragarri duenez, pixkanaka, legealdi honetan, matrikulazioaren doakotasuna ezarriko da C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte bitarteko ikasleentzat. Horrez gain, “gazte zein heldu, eremu berriak irabazi behar ditugu euskararentzat, bai esparru formalean, zein ez-formalean: lan munduan, aisialdian, gizarte-hedabideetan, ingurune digitalean eta hizkuntza teknologietan, kirol jardueran, familian, hezkuntza-sisteman edota kultur sorkuntzan eta eskaintzan”. Horiek indartzen jarraitzea dago sailaren legealdiko helburu nagusien artean arreta berezia jarriz eremu sozioekonomikoan eta ingurune digitalean. Hori dela eta, batetik Euskara Eremu Sozioekonomikoan Normalizatzeko 2020-2023 Plan Estrategikoa lantzen jarraituko du Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak, beti ere, erakunde eta eragileekin lankidetzan. Eta bestetik dagoeneko lantzen ari diren Hizkuntza Teknologia Planari bultzada emango dio sailak.
EITB
Bere agerraldian EiTBren zerbitzu publikoaren izaera mantentzearen eta bermatzearen eta komunikazio pluralerako eta hizkuntzaren normalizaziorako bitartekoa izatearen alde ere egin du Bingen Zupiriak. EITBk gizarte osoarentzat erreferentzia izaten jarraitu behar duela gaineratu du. Legebiltzarreko agerraldia ia zortzi urtean EITBko zuzendari nagusi izan den Maite Iturberen lana eskertzeko baliatu du Bingen Zupiriak eta gogoratu du Eusko Legebiltzarrak bere izendapena onesten duenean Andoni Aldekoak hartuko duela Iturberen lekukoa.
Jarduera fisikoa eta kirola
Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzari dagozkion lau konpromiso nagusiak aipatuz bukatu du bere agerraldia Bingen Zupiriak:
Iturria:Irekia