Barandiaranek azpimarratu du Toledoko Itunaren baitan lortu den akordioak Sistemaren bideragarritasuna bermatzen duela eta Segurantza Sozialaren erregimen ekonomikoa EAEra transferitzea ahalbidetzen duela

Diputatu jeltzaleak baloratu du lortutako akordioak eragiten duela Sisteman konfiantza izatea, eta albo batean geratzea erabaki duten alderdien jarrera “demagogikoak” kritikatu ditu
27 Urria | Kongresua

Iñigo Barandiaranek, Toledoko Itunaren Batzordean Euskal Taldearen bozeramaileak, gaur adierazi du batzorde horretan gaur adostu den akordio zabalak pentsio sistemaren bideragarritasuna bermatzen duela eta onartu den gomendio baten arabera, Segurantza Sozialaren erregimen ekonomikoa EAEra transferitzeko urratsa errazten duela.

Diputatuen Kongresuan egin den prentsa aurrekoan, diputatu jeltzaleak esan du Batzordeari gaurko bileran planteatzen zitzaion erronketako bat zela Sistemarekiko konfiantza sortaraztea, bereziki gazteentzat, eta alderdi hori betetzea lortu da gaur lortu den akordioari esker. “Sistema honen xedea ez da gaur parte hartzen dutenak bertan behera uztea; gazteek sinetsi behar dute Sistema eraginkor eta solidarioa dela eta beraientzat ere pentsatuta dagoela”, baieztatu du.

Halaber, Barandiaranek gogora ekarri nahi du 16. gomendioa, pentsioen sistema osagarriez hitz egiten duena, eta EAEn sistema horiek oso hedatuta daudela nabarmendu du. “Gure esparruan dagoen errealitatea da, baita Europako esparruan ere. Erretiroan bizi ahal izateko sistema osagarriak ukatzen dituena errealitatetik ihes egiten ari da”, azpimarratu du.

Barandiaranek era berean nabarmendu du gaur lortu den akordioaren bidez “Sistemaren oinarri nagusiak konfirmatu direla: banatzeko sistema dela eta sistema publikoa dela, belaunaldien arteko solidariotasunean eta etengabeko erreforman oinarrituta”, sistemak “autozuzentzeko gaitasuna izan behar du, unean uneko errekerimendu sozialei, egoera ekonomikoei eta sistemaren beraren eskakizunei erantzuna eman ahal izateko”.

Amaitzeko, diputatu jeltzaleak balioetsi du “zubiak eraiki direla” Sistemaren bideragarritasuna bermatzeko, hori delarik “Toledoko Itunaren helburu nagusiena”, eta “asmo onekin etorri diren arren planteamendu demagogikoak” egin dituztenen jarrera kritikatu du “Sistema bera amildegira daramatelako” eta gaur lortu den akordio zabalaren kanpo geratu direlako.

PARTEKATU