EAJ-PNVren konpromisoa adierazi dio Ortuzarrek Garridori Euskadiko erronka handiei ekiteko elkarrizketan oinarrituta eta elkar-ulertzearen bidez

Euzkadi Buru Batzarrerko presidentea eta Euskadiko Podemos-Ahal Dugu taldeko koordinatzaile autonomikoa gaur goizean Sabin Etxean batzartu dira ordu betez
EAJ-PNVren konpromisoa adierazi dio Ortuzarrek Garridori Euskadiko erronka handiei ekiteko elkarrizketan oinarrituta eta elkar-ulertzearen bidez
26 Urria | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Euskadiko Podemos-Ahal Dugu taldeko koordinatzaile autonomiko Pilar Garridori adierazi dio EAJ-PNVk konpromisoa duela eta prest dagoela, lankidetzan eta elkarrizketan oinarrituta eta elkar ulertzearen bidez, Euskadik hemendik aurrera izango dituen erronkei aurre egiteko, eta oso bereziki Covid-19aren pandemiaren kudeaketari eta honek ekarri dituen krisi ekonomiko eta sozial latzari dagokion aldetik. Ortuzarrek eta Garridok ordu betez batzartu dira gaur Sabin Etxean. Ortuzar eta Garridoren lehen bilera izan da azken hau iragan ekainean Euskadiko Podemos-Ahal Dugu taldeko koordinatzaile autonomiko izendatua izan zenez geroztik. Adeitasun giroan egin den topaketan parte hartu dute EBBko idazkari andre Mireia Zaratek, EBBren Arlo instituzionaleko burukide arduradun Koldo Mediavillak eta Euskadiko Podemos-Ahal Dugu taldeko komunikazio gaietarako idazkari nagusi Javier Ezkerekotzak.

Ortuzarrek Euskadiko Podemos-Ahal Dugu taldeko ordezkariei adierazi die EAJ-PNVk borondate irmoa duela Eusko Legebiltzarrean Urkullu lehendakariaren Gobernua babesten duen gehiengo osotik haragoko akordioak biltzeko, bereziki Euskadiren orainerako eta etorkizunerako funtsezkoak diren alderdiei dagokienez, hala nola, Covid-19ak eragin dituen osasun krisiari aurre egiteko, ekonomia suspertzeko eta enpleguak sortzeko lanari ekiteko, gizarte zerbitzuei eusteko, autogobernua bultzatzeko edo trantsizio ekologikorako lanei heltzeko.

PARTEKATU