Amek eta amamek gaur egungo Euskadiren alde egin zuten ekarpena aldarrikatu du Izaskun Bilbaok eta berdintasunean inbertitzen jarraitzera animatu du

Izaskun Bilbao Barandicak, Eusko Legebiltzarreko presidentetzara iritsi zen lehen emakumeak, bere belaunaldiko ama eta amamak omendu nahi izan ditu, ordaindu gabeko lanarekin Euskadiko familietan BPGaren %40era iritsiko litzatekeen ekarpena egin zutela gogoan
Amek eta amamek gaur egungo Euskadiren alde egin zuten ekarpena aldarrikatu du Izaskun Bilbaok eta berdintasunean inbertitzen jarraitzera animatu du
26 Urria | Europako Legebiltzarra

Gaurko Euskadi ulertezina izango litzateke ekarpen hori egin gabe; izan ere, horri esker, emakume askok prestakuntza jaso ahal izan zuten eta parte hartu ahal izan zuten, sektore publikotik eta pribatutik, orduko hondamendi industriala gaur egun gozatzen dugun herrialde moderno bihurtzea lortu zuten taldeetan”. Horregatik animatu du gaur ekarpen hori omentzera, ikusgarri egitera, berdintasunaren bidean aurrera egitera begira. “Berdintasuna sustatzen emango dugun guztia, inbertsioa da”.

Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu andreak gaur goizean parte hartu eta hitz egin du Eusko Legebiltzarrak bere berrogeigarren urteurrenaren kariaz Donostian antolatu eta egin duen udako ikastaroan. “Atzerako begirada” izenburupean gaur goizean egin den saioan, Izaskun Bilbao Barandicak eman dio hasiera “Emakumeak azken berrogei urteotako euskal politikagintzari eginiko ekarpena” izenburuko hitzaldiarekin. Europako Parlamentuko diputatu andreak bere hitzaldiaren hasieran azpimarratu du ezinezkoa izango litzatekeela "Gizonek azken berrogei urteetan euskal politikagintzan egin duten ekarpena" izeneko hitzaldia ematea, eta azaldu du arrazoi beragatik ezinezkoa dela generikoki "emakumeak" aipatzea, "Herrialdea eraldatu duten taldeetako kide izan direlako", eta aitorpen eta omenaldi hori egin dio emakumeek etxeetan egin duten eta oinarrizkoa izan den lan ikusezinari eta ordaindu gabeari.

Izaskun Bilbao Barandicak bere ibilbide politikoaren laburpena azaldu du. Ezustean Bermeoko alkatetzarako izendatu zuten EAJ-PNVren zerrendan, independiente gisa eta aurretik inolako esperientzia politikorik izan gabe. Europako diputatu andreak azaldu du orduan jabetzen hasi zela karguak berarekin zekarrenaz eta zergatik zen hautagaitzetan horren emakume gutxi aurkezten zirela eta horren gutxi alkate izatera heltzen zirela (%9 1989an). Eusko Jaurlaritzako kargudun gisa eta Eusko Legebiltzarreko diputatu gisa bizi izandako esperientziak ekarri ditu gogora eta azaldu du nola “beirazko sabaia” hautsi zuen Parlamentuko presidentetzara iritsi zenean. Orduan ohartu zen “beirazko amildegia” izenez ezagutzen dena ere bazegoela.

Azkenik, berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko dekalogo bat azaldu du. Berrogei urte hauetan emakumeen ekarpenetako bat arazo honen inguruko diskurtsoa aldatzea izan dela azpimarratu du, eta berdintasunean gastatzea inbertsiotzat hartzea balioetsi du. Halaber, berdintasuna eragiten duten estereotipoak eraisteko orduan bakoitzak duen zeregina azpimarratu du, kuoten politika babestu du, lehiakortasunaren aurkako atentatutzat jo du emakumeen talentua baztertzea, eta gizonak berdintasunaren auzian inplikatzera animatu ditu. Amaitzeko, gogora ekarri du Europako Parlamentuan planteatu duen arrazoia emakumeak administrazio kontseiluetan sartzea bermatzeko zuzentaraua desblokeatzeko. “Kontziliazioa, seme-alabak zaintzea, nagusiak zaintzea, hipoteka bat familia baten etxe bilakatzeko ataza magiko hori partekatzea, aukera bat da. Gizonek deskubrituko dute bizitzaren parte hori gozatzeak zoriontsuago bihurtuko dituela. Adimen emozionala lantzen lagunduko die. Sentipenekin konektatuko ditu, pertsonekin, arazoekin, erantzukizunekin…zeinetatik mendeetan etengabe ihes egin duten”.

PARTEKATU