Euskal Taldeak positibo jo du alarma egoera ezarri izana, Urkulluk eskatutakoari erantzuten diolako eta Autonomia Erkidegoei segurtasun juridikoa eta botereak ematen dizkielako

EITBn egin dioten elkarrizketan, Aitor Estebanek konfirmatu du atzo bertan Espainiako Gobernuak onetsi zuen testuak orain arte egin diren elkarrizketei erantzuten diela, eta luzapenak Autonomia Erkidegoetako presidenteen eskuetan uzten badu `etxeratze agindua´ ezartzeko erabakia, EAJ-PNVk ontzat joko duela iragarri du
26 Urria | Kongresua

Euskal Taldeak gaur goizean “positibo” jo du atzo bertan Espainiako Gobernuak ezarri zuen alarma dekretu berria. Euskadi Irratian eta Radio Euskadin egin dizkioten elkarrizketetan, Aitor Estebanek konfirmatu du Ministroen Batzordeak onartutako testuak “bat egiten duela” orain arte haiekin egin diren elkarrizketetan esandakoarekin eta Iñigo Urkullu lehendakariak erreklamatutakoarekin, Autonomia Erkidegoei segurtasun juridikoa ematen baitie erabakiak hartzerako orduan eta erakunde hauek ahaldun jotzen dituelako agintea beren esku egon dadin.

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak Dekretu honen luzapenaz ere hitz egin du, Kongresura bidaliko denaz bertan eztabaidatzeko eta onartzeko, eta esan du alarma egoera luzatzeko ezarri den epea, sei hilabetekoa, behar bada “pixka bat luzea” dela, baina gaineratu duenez, `etxeratzeko agindua´ ezartzeko edo altxatzeko gaitasuna Autonomia Erkidegoetako presidenteen esku uzten bada eta “eztabaidatu diren terminoak” errespetatzen badira “ontzat joko dugu”.

Alarma egoera lehen aldiz ezarri zen momentua eta iragan martxoa, apirila eta maiatza gogoratuz, Estebanek baieztatu du EAJ-PNV hasiera hasieratik “unean uneko egoeraz jabetu zela eta beti Espainiako Gobernuarekin soinez soin lan egiten saiatu zela, kogobernantza deitu duen horretarako bidea irekiz” eta gaineratu duenez “gai hau eguneroko eta ohiko borroka politikoaren esparrura eramatea” hutsegite larria izango litzateke, “hiritargoak ez du halakorik merezi eta guk ez genuke horretan sartu behar”.

Beste alde batetik eta Estatuko Aurrekontu Orokorrez galdetu diotenean, ustez behintzat, bihar Espainiako Gobernuak onartuko dituela gogora ekarriz, Estebanek baieztatu du azken aste hauetan talde bien arteko “elkarrizketak” izan direla eta Ogasun Ministerioari EAJ-PNVren irizpideak azaldu zaizkiola. Ildo beretik gaineratu duenez “zuzendu edo bideratu” egin dira gai batzuk zergen eta diru-sarreren arloan. Dena dela, Estebanek zuhurtasunez hitz egin nahi izan du bihar Exekutibo zentralak onartuko duen azken testuaren inguruan. “Argi eta garbi ikusi nahi dut”, esan du. Edozein kasutan, Euskal Taldeko bozeramaileak Aurrekontuak behar direla defendatu du, alderantziz “oso egoera konplikatuan egongo ginatekeelako”. “Estatuko Aurrekontu Nagusiak ez dira ehuneko ehunean guztien gustuko izango, baina arduraz jokatu behar dugu gutxi gora behera gustura egon gaitezen”, baieztatu du.

PARTEKATU