Euskal Taldeak zerga arauak bertan behera uzteko proposamenaren alde bozkatu du, baina aurrerago joatea eta Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea berrikustea eskatu du

Idoia Sagastizabalek baloratu du Espainiako Gobernuak “salbuespenezko egoera bati salbuespenezko erantzuna eman izana”, baina ildo beretik kritikatu du Ogasun Ministerioa atzeratuta ibili dela `ihes klausula´ aplikatzerako orduan
20 Urria | Kongresua

Euskal Taldeak gaur adierazi du bere babesa ematen diola Espainiako gobernuak gastu ez finantzarioari ezarritako mugari eta arau fiskalak bertan behera uzteari, baina era berean kritikatu du atzeratuta ibili dela Euskal Taldeak behin eta berriz erreklamatu zuen `ihes klausula´ aplikatzerako orduan, eta Aurrekontuen Egonkortasunerako legea berrikustea erreklamatu du “etorkizunera begira administrazioak gehiegi ez estutzeko”.

Osoko bilkuran egin den eztabaidan, Euskal Taldeko ekonomia eta aurrekontu gaietarako bozeramaile Idoia Sagastizabalek gogora ekarri duenez “Europako Batasunak martxoan adostu zuen aurrekontuen egonkortasunerako printzipioa aldi baterako etetea Covid-19aren ondorioz eragin den krisi ekonomiko eta sozialari erantzun ahal izateko”. Espainiako gobernuak, alabaina, zerga arauak malgutzeko aukerari uko egiten zion Estatuko Abokatutza aitzakiatzat erabilita eta udalek defizita izateko aukerarik ez zutela argudiatuz. “Oraingo honetan esan digute beharrezkoa dela. Lehen ez eta orain bai? Zentzuzkoena da irizpide okerra aldatzea (…), baina lehenagotik egin zitekeen, denbora aurreztuko genuen eta Autonomia Erkidegoek lehenago erantzun ahal izango zuten”, kexatu da Sagastizabalek.

Are gehiago, diputatu jeltzaleak Ogasun Ministro andreari eskatu dio harago joatea eta Aurrekontuen Egonkortasunerako legea “berrikustea”, gerora begira “administrazioak ez estutzeko”. “Administrazioek erantzukizun fiskalarekin jardun dute eta jardungo dute, eta inolako zentzurik ez duena da egoera ezberdinetan neurri berbera aplikatzea edo, bestela esanda, `kafea denontzat´ ezartzea”, esan du. Guztiz alderantziz, Sagastizabalek aldarrikatu du “administrazio bakoitzari behar duena ematea”.

Diputatu jeltzaleak Euskal Taldearen baietza justifikatu du EAJ-PNVk aldarrikatzen duen administrazioen autonomiarekin bat datorrelako eta akordio honen bidez “administrazio guztiei aukera ematen zaielako 2021erako Aurrekontuak prestatzea denontzat guztiz berri eta ezezaguna den testuinguru batean, eskuragarri dituzten funts guztiak erabili ahal izango baitituzte beren eskuduntza propioei eta salbuespen egoerak dakartzan erantzukizun berriei aurre egin ahal izateko, osasun eta gizarte arloan, hezkuntzan eta enpleguan”.

Azken finean, Idoia Sagastizabalek, Euskal Taldearen izenean “eskua luzatu” dio Montero Ministro andreari, “administrazioek marko errealago bat izan dezaten hiritargoari ahalik eta zerbitzu publikorik onenak eskaintzeko moduko Aurrekontuak egin ahal izateko, eta susperraldi ekonomiko berde, berdintzaile, inklusibo eta digitalerako oinarriak ezartzeko, pertsonak beren politiken helburutzat hartuz”.

PARTEKATU