Aitor Esteban: “Erabat lotsagarria da pandemia borroka politikorako armatzat erabiltzea”

Euskal Taldeko bozeramaileak “erakundeen arteko lankidetza” aldarrikatu du osasun krisiari aurre egiteko, eta defendatu duenez “alarma egoera, azken errekurtsoa dena, erkidegoetako agintariek eskatu beharko lukete, eta haien esku egon beharko luke hartu beharreko neurriak erabakitzea”
15 Urria | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur egungoa moduko osasun krisi baten aurrean jardun politikorako parametro izan beharko liratekeenak zerrendatu ditu: “erakundeen arteko lankidetza, eztabaida politikoa nork bere mesederako ez erabiltzea, gardentasuna eta apaltasuna”, eta deitoratu du hainbat eragile politikoren aldetik pandemia beren probetxurako erabili izana. “Lotsagarria da pandemia borroka politikorako armatzat erabiltzea”, nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak Madrilgo Erkidegoan ezarri duen alarma egoeraren inguruan eztabaidatzera begira Kongresuan egin den osoko bilkuran, Estebanek administrazio eskudunei eskatu die “erantzukizunez jokatzea” osasun arloan pandemiatik eratortzen diren aurreikusezintasunei aurre egitera begira, eta nabarmendu duenez “erakunde bakoitzak eskumen batzuk ditu eta baliatu behar ditu, horrela baino ezin izango baititugu gure burua eta gure ingurukoak babestu”.

Estebanek ildo beretik esan duenez “osasun legeria nahikoa da guneak ixteko” eta baieztatu duenez “alarma egoerak” azken errekurtso izan behar du eta “logikoena izango litzateke autonomietako agintariek eskatzea, neurriak hartzeko erabakiak eta agintea dagokion Autonomia Erkidegoaren esku gera daitezen” eta ohartarazpen bat egin dio Espainiako Gobernuari: “Inola ere ez dugu babestuko Madrilen eragin den gatazka artifiziala baliatzea eskuduntzak birzentralizatzeko; ez dago justifikaziorik horretarako”, esan du.

Hain zuzen ere, Estebanek gogora ekarri du alarma egoeretan eta ondorengo luzapenetan `kogobernantza´ terminoa sortu zela, eta nabarmendu du erakundeen arteko “elkarrizketa” dela kudeaketa politikoaren oinarri nagusia. “Zuetako inork dagozkion erantzukizunei erantzuten ez badie eta hiritargoaren aurrean eta gainerako erakundeen aurrean erakutsi beharreko gardentasuna egikaritzen ez badu, arazo bat izango dugu”, baieztatu du.

Hitz egiteko izan duen tartean, bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri nahi izan du pandemia egoera batean testuinguruak daukan garrantzia “ikuspuntu zientifikoa ere ziurgabetasunez eta zalantzez beteta baitago”. Hala, “normal” jo du datu berriak ezagutu ahala planifikazioak aldarazi beharra. Edozein kasutan, bozeramaile jeltzaleak baieztatu du “zalantzarik gabe, oinarria esparru zientifikoa izan behar da, baina horrek ez du esan nahi erabaki politikorik hartu behar ez denik”.

Azkenik, Esteban beste herrialde batzuetan bizi den osasun egoeraz mintzatu da, bereziki Alemaniako egoeraz, eta gogora ekarri du han ere “tentsioak” sortu direla Länder-en artean, eta bideratzea lortu dela. “Leku guztietan ematen dira tentsioak, bereziki Estatu konplexuetan, baina konponbidea eman ahal zaie”, baieztatu du.

PARTEKATU