EAJ-PNVk baieztatu du Emakunden egin diren aldaketak diskriminazioaren kontrako borroka “indartuko” duela eta berdintasunerako bidea egiten lagunduko duela

Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak adskripzio-aldaketa hau aldeztu du, eta atzerakada emango dela esan dutenek egin dituzten kritikei erantzun die. ”Antolaketa berriak antolatzeko molde berriari erantzuten dio, eta inola ere ez du ekarriko Euskadin berdintasun politikek indarra galtzea”
15 Urria | Eusko Legebiltzarra

EAJ-PNVk berriro ere aldeztu du Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeko eta Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak Sailera atxikitzeko hartu den erabakia “antolaketan egin den aldaketari erantzuten baitio, eta egituran ez da aldaketarik egingo”. Emakumearen Euskal Institutuak, gogora ekarri du Arrizabalagak, bere autonomiari eutsiko dio eta berdintasun politikak era deszentralizatuan garatzen jarraituko du “Artolazabal Sailburu andrearen Sailera atxikiaz batera emakumeek pairatzen dituzten askotariko diskriminazioen kontra borrokatzeko aukerak sortuz”.

Gaurko osoko bilkuran hitza hartu duenean, legebiltzarkide jeltzaleak baieztatu du berdintasun alorrean atzerapausorik ekartzetik urrun, berrantolaketa honek “diskriminazioaren kontrako borroka berrindartuko du eta bultzada berri bat emango du gizarte berdintzaileagoa eta bidezkoagoa lortzeko bidean aurrera egiteko, non emakumeek gizonen aukera berberak izango dituzten”. Zentzu berean adierazi du Emakunde, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak Sailera atxikita, giza eskubideen ikuskera transbertsala ahalbidetuko duela politika publiko guztietan, genero berdintasuna lehen lerroan jarriz. “Berdintasun arloko eskumenak izango dituen Sail bat  lehen aldiz eratu izanak eta Emakundek bere jardunari organismo autonomo gisa eusteak ekarriko du genero ikuspuntua indartzea”. Mugimendu feministak eta elkarte batzuek aldaketa hau auzitan jarriz egin dituzten planteamenduei erantzunez, Arrizabalagak baieztatu du aintzat hartuko direla baina inola ere ez duela onartu atzerapausoak ekarriko dituela “Ulertzen ditugu jendeak adierazi dituen zalantzak. Baina Jaurlaritza honen asmo irmoa da gai honetan aurrera egiten jarraitzea  aurrean dauzkagun erronka handiei egokiro erantzun diezaiegun. Ez da atzerapausorik eman, guztiz alderantziz”.  Bai  arbuiatu ditu,ordea,EH Bilduren kritikak, inolako irizpiderik gabe iritzia aldatzen duela esanez. Esate baterako, gogora ekarri du urte honetako otsailean koalizio abertzaleak aldarrikatu zuela Lehendakaritzaren baitan Feminismo Saila eratu beharra zegoela eta duela zazpi urte Lehendakariordetza eratu beharra zegoela. “Zintzoak izan eta esan  gustuko ez duzuena dela non dagoen kokatuta eta zer politikak garatzen dituen”, txarretsi die.

Arrizabalagak, Artolazabal Sailburu andreak egin zuen moduan, “aukera” bat eskatu du  erakusteko Sail berriak berdintasun politikak indartuko dituela, gai horren inguruko koordinazioa areagotuaz eta Jaurlaritzaren jarduera guztietan transbertsalitatea sustatuaz”. Aldaketa honen zilegitasuna aldeztu du eta berretsi du ez dagoela Beijing-en 1995ean egin zen Emakumeen Munduko Konferentzian adostutako akordioen kontra. “Lehendakaria izango da Emakunderen Zuzendaritza Batzordeko buru eta Sail berria eratu da. Emakunderen lana ez ezik, Beijing-en egin ziren gomendioak betetzen ari gara”.

Amaitzeko, Emakundek garatu duen lana eskertu du, Euskadiri ahalbidetu baitio erakundeek garatutako berdintasun politika askoren aitzindari izatea. “Oinarri sendoak ditugu aurrera egiten jarraitzeko”.

PARTEKATU