Ortuzar: “Inposaketa ez da ona, baina gehiengoak ezer inposatzeko zilegitasunik ez badu, are gutxiago dauka gutxiengoak”

EBBko presidenteak EH Bilduk eta Podemosek Eusko Legebiltzarrean erakutsi duten jarrera eragoztailea deitoratu du, eta alderdi morearen inkoherentziak nabarmendu ditu : “Beren Gobernuak Madrilen egin nahi ez duen erreforma fiskala egitea eskatu digute hemen”
09 Urria | EBB

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur deitoratu du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek  uztailaren 12ko Hauteskundeez geroztik Eusko Legebiltzarrean erakutsi duten jarrera. Jokaera horren xedea da Jaurlaritzaren jarduna eragoztea, eta horretarako ez daukate inolako arazorik iskanbila, teatralizazioa eta itxurakeria Euskal Ganberaraino eramateko, bide horretan, ia beti, kontraesan borobiletan eroriz. Agerian geratu dira,esaterako, alderdi morekoak, Madrilen EAJ-PNVk egiten duen guztia goresten eta aitortzen duelako, Gasteizko Legebiltzarrean, ordea, alderdi berbera deskalifikatzen eta gaitzesten duen bitartean. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek alderdi politiko biek eginiko kritikei erantzun die, oinarririk eta orijinaltasunik gabe EAJ-PNVri eta PSE-EEri egotzi baitiete alper-harria erabiltzea. “Demokrazian ez dago lekurik inposaketarako, eta txarra da inposaketa, gehiengoak ezartzen duenean barne. Gehiengoak ez du berezko zilegitasunik ezer inposatzeko, baina are gutxiago du gutxiengoak. Eta Euskadin gertatzen dena da oposizioak, gutxiengoa denak eta gainera duela bi hilabete hautestontzietan  gutxiengo gisa berretsia izan denak, gehiengoari berea inposatu nahi diola. Beraiek esaten dutena egin ezik, baina ez apur bat baizik eta den-dena, arin batean esaten dizute alper-harria pasatzen ari zarela. Guk negoziatzen dugu eta azken minuturaino negoziatuko dugu, baina une horretara heltzen garenean, bozkatzera”, esan du.

Ortuzarrek ildo beretik hitz egin du atzo bertan Eusko Legebiltzarrean bizi zen “ikuskizun ez oso eraikitzaileaz”, EH Bilduko legebiltzarkide batek bere paperak apurtu zituenean. “Bere onetik irten zen bere helburua lortu ez zuelako, frustratuta omen zegoen. Eta, besteok ez ote gaude frustratuta eta etsituta halako jarrerekin? Demokrazian, inork pentsatzen al du normala dela tribunara igotzea eta paperak apurtzea? Ematen dit baten batek ez duela lezioa ondo ikasi. Ematen du kale borroka amaitutakoan erakunde borroka hasi dutela: moldeak aldatu ditugu, baina ez dugu oinarria aldatu. Berriro esango dut: alderdi nagusia naiz eta ez dut inposaketa gustuko, are gutxiago gehiengo ez diren alderdien aldetik”, esan du.

Podemosek Vitoria-Gasteizen eta Madrilen EAJ-PNVrekiko darabiltzan diskurtso ezberdinez galdetuta, jeltzaleen buruak argi baino argiago hitz egin du. ”Podemosek, eta bereziki Euskadiko taldeak, nahaste-borraste  politiko itzela dauka buruan. Ezinezkoa da EAJ Mirandatik igarotakoan Madrilerako bidea hartzen duenean aingerutxo bat izatea, denekin hitz egiteko prest dagoena, eta hemen guztiz kontrakoa izatea, deabrua. Ez: berberak gara han eta hemen, eta politika berbera egiten dugu. Miren Gorrotxategik esan du ezin direla eseri aurrekontu neoliberalak negoziatzera. Nola ulertuko lukete Pablo Iglesiasek edo Pedro Sánchezek  orain mikrofono hauetan esango banu ez naizela aurrekontu neokomunistak negoziatzera eseriko? Ez haiek ez guk ez ditugu  elkarren aurrekontuen zenbaki zehatzak ezagutzen. Ez da zentzuzkoa”, deitoratu du. “Gorrotxategik eskatu digu Madrilgo Gobernuak egin nahi ez duen erreforma fiskala berton egitea,eta guk lehenagotik daukagu are fiskalitate aurrerakoiagoa. Hemen  nahitaez egin behar dena, Madrilen ez ote da egin behar? Adibideak eman genitzake, esaterako Naval ontziolarekin gertatu zena. Gogoratzen al ditugu Navalaz esan zituztenak eta guk egin behar genituenak? Edo, orain Iglesiasen auzia. Dimititu behar al du? Berak ezetz dio. Podemosek hemen daukan teoriari kasu egingo bagenio, bai, hemen halako kasuren bat planteatzen denean, ezer baino lehenago dimisioa planteatzen digutelako. Eta ez dut zorrotzagoa edo ziztatzaileagoa izan nahi elkarrizketan sinesten dudalako, eta espero dut hau dena bideratzen jakingo dugula eta hauteskundeetako borrokaren  amaierakoa izatea; eta 2021arekin  borondate berria hel dadila guztiontzat”.

PARTEKATU