Venezuela eztabaidarako armatzat erabiltzeak Madurori mesede egiten diola salatu du Izaskun Bilbaok

Europako Parlamentuko diputatu andreak proposatu du gehiengoa lotzen duen hori lehenestea, herrialde hori zapaltzen duen diktaduraren kontrako gaitzespena,hain zuzen, eta Venezuelako oposizioari eta Europako Batasunari eskatu die herrialde horretan askatasunak berreskuratzeko helburua lehenestea
Venezuela eztabaidarako armatzat erabiltzeak Madurori mesede egiten diola salatu du Izaskun Bilbaok
07 Urria | Europako Legebiltzarra

Europako Parlamentuan gaur goizean egin da Venezuelan bizi duten krisi humanitario,sozial,ekonomiko eta politikoaren inguruko eztabaida. Bilkura horretan Bilbaok nabarmendu du eztabaidan gehiago ikusi dela krisia bertako eztabaidarako baliatzeko ahalegina, krisia konpontzeko irtenbideak bilatzekoa baino. “Ekarpenak egiteak, laguntzeak, elkarrizketaren bidez irtenbide baketsua lortzeak, eta, ondorioz, Venezuelak gaur egun bizi duen krisi humanitario sozial eta politikoa konpontzeko irtenbide iraunkor eta bideragarria lortzeak exijitzen digu hemen eta han denok batzen gaituenari begiratzea. Batzen gaituena da, esan du, Venezuelan gaur egun ez dagoela demokraziarik ezta hauteskunde askeak egiteko baldintzarik ere”, nabarmendu du.

Oinarrizkoaren inguruko eztabaida desbideratzeko eman daitezkeen joeren aurrean, ordezkari jeltzaleak zera esan du: “Venezuelaz hitz egiten dugunean, gure derrigorra da gogora ekartzea herrialde hartako milioika pertsonek merezi dutela gure ahaleginak bideratzea askatasuna berreskuratzen laguntzera”. Horregatik berretsi du ezbaien gainetik akordioak lehenetsi beharra eta eskatu du “funtsezko eskubide eta askatasunak berreskuratzeko adostasuna izan dadila Venezuelan bertan Maduroren erregimena sufritzen eta haren kontra daudenen dibisa eta tresna nagusia”. Baina, jarraian mezu berbera bidali die “Europako Batasunetik lagundu nahi dugun guztioi. Gure oinarrizko akordioaren inguruan zalantzak eragingo dituen edozein ezbaik mesede egiten baitio Madurori. Horrek erakusten baitio, Venezuelatik kanpo, daukana baino babes handiagoa duela, babes hori oso eskasa izan arren. Gehiengo nagusiak jakin daki diktadorea dela”.

Amaitzeko, Europako Parlamentuko euskal diputatuak nabarmendu duenez “Venezuelan askatasunaren kausari ez dio mesede egiten ezbehar hau eztabaida politikoan elkar erasotzeko armatzat erabiltzeak. Horren ordez, nabarmen dezagun han eztabaida ezinezkoa dela eta lehentasuna demokrazia berreskuratzea dela”.

PARTEKATU