Ortuzarrek eta Bonvehík Euskadi, Katalunia eta Estatu osoan bizi den egoera aztertu dute politika, ekonomia eta osasunaren ikuspegitik

EAJ-PNV eta PDeCAT-eko presidenteak gaur eguerdian bi orduko bilera egin dute Sabin Etxean, bilerakide izan dituztela Mireia Zarate, Joseba Aurrekoetxea, Montserrat Candini eta Àngels Chacón
Ortuzarrek eta Bonvehík Euskadi, Katalunia eta Estatu osoan bizi den egoera aztertu dute politika, ekonomia eta osasunaren ikuspegitik
06 Urria | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko buruak eta PDeCAT Partit Demòcratako buru David Bonvehík batzarra egin dute gaur eguerdian Sabin Etxean. Bertan egin dute Euskadi eta Katalunia beren nazioetan  eta Espainiako estatu osoan alderdi politikoan, ekonomikoan zein osasun aldetik bizi den egoeraren inguruko azterketa zabala. Covid-19aren pandemiak eragin duen osasun krisiaren kudeaketa; arlo ekonomikoan, lan esparruan, enpresetan eta kulturarako ekarri dituen ondorio larriak; Europako Batasunak Espainiako estatuaren esku jarriko dituen Next-Generation funtsen esleipena; Estatuko Aurrekontu Orokorrak 2021erako; edo Joaquim Torra presidentea gaitasungabetua izan denez geroztik Katalunian ireki den egoera politiko berria izan dira  ia bi orduz eta adeitasun eta lankidetza giroan egin den bileran jorratu diren gai nagusiak. Topaketa berean parte hartu dute, jeltzaleen aldetik, EBBko idazkari andre Mireia Zarate eta Antolakuntza gaietarako burukide arduradun Joseba Aurrekoetxea;eta PDeCATen aldetik izan dira Montserrat Candini, Calellako alkate, Partit Demòcrata-ren Direcció Executiva Nacionaleko kide eta  Federació Catalana de Municipis-eko presidenteordea eta Àngels Chacón, Empresa i Coneixement departamentuko kontseilari ohia.

Topaketa hau egin da EAJ-PNVk eta PDeCAT-ek 2019ko apirilean, Espainiako Parlamentuan eta Europako Ganberan beren arteko lankidetza eta kolaborazioa indartzeko izenpetu zuten akordioan jasotakoaren barruan. Apirileko agiri hartan talde biek hitzeman zuten lankidetza mekanismoak ezarriko zituztela “gure helburu nazional legitimoak lortzera begira, bai eta alderdi biok partekatzen ditugun helburu sektorialak ere”, eta horretarako EAJ-PNV eta PDeCATen artean  jarduera egitasmo bat jarri zuten abian “inguruabarren arabera beharrezko jotzen dutenean, unean uneko arazo politikoak, alderdi biei egoki gerta dakizkieken estrategiak eta konponbidea bilatzen lagun dezaketen ildoak aztertzera begira”. Akordio berean elkarrizketa politikoa aldarrikatzen zen “Kataluniak eta Euskadik Espainiako estatuarekin duten  auzi politikoa konpontzeko tresna bakar gisa”.

PARTEKATU