Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioari esker “funtsezko zerbitzuak babestuta eta bermatuta” daudela baieztatu du Itxaso Atutxak

Atzo Eusko Jaurlaritzaren eta Madrilgo Gobernuaren artean adostutakoen artean, Foru Aldundien berezko izaera eta berezitasunak aitortu zirela nabarmendu du
01 Urria | BBB

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, oso positibo jo du atzo arratsaldez Eusko Jaurlaritzaren eta Madrilgo Gobernuaren artean Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioa. Honi esker “gutxieneko eta funtsezko zerbitzuak babesteko eta bermatzeko” dirua egongo dela ziurtatzen baita. Esandakoaz gain, itundutakoa ere garrantzitsua da, lehengo aldiz eta idatziz, Estatuak euskal Foru Aldundien berezko izaera eta berezitasunak aitortzen dituelako. Horrela argitu du burukide bizkaitarrak Euskal Telebistako ‘Egun on Euskadi’ saioan egin dioten elkarrizketa batean. Atutxaren iritziz Aldundien berezko izaera aitortua izatea ardura handikoa izan ohi da, “gehienetan” bai Aldundien bai Jaurlaritzaren aldetik hori lortzea “arazo latza izaten delako”.

Gainera, hitzartutako dokumentu horrek 2021koa ere jasotzen du, sinatutakoa are garrantzitsuago bihurtuz, datorren urtean ere “diru-sarrerak baxuak izango direlako” eta egoera hori aurreikustea berebizikoa delako. Behin eta oinarrizko zerbitzuak bermatuta, “ikusiko dugu Jaurlaritzak eta Aldundiek jada aurreikusita dituzten inbertsioei nola aurre egin”, aurreratu du. BBBko presidenteak akordio honek euskal erakundeen aurrekontuetan duen eraginaz ere aritu da. “Ezinezkoa izan da orain arte aurrekontuak lantzea, erakundeek ez dutelako jakin zorpetzeko zein gaitasun izango zuten edo soberakinak erabiltzeko gai izango ziren; orain badakite. Beraz, hemendik aurrera lan hori egingo dute eta aztertu beharko dute bakoitzak zenbat duen eta zer egiteko gai den”, adierazi du.

Atutxa elkarrizketa berean mintzatu da Osasun ministerioak Madrilen pandemiak duen eraginaren aurrean, itxialdirako proposatu diren osasun irizpideen inguruan. Bere aburuz, Espainiako Gobernuak prozeduretan ez ditu formak zaintzen eta ez da gai ezta gutxieneko akordioak lortzeko ere. Azaldu duenez, “kasu honetan kontua ez da Euskal Autonomia Erkidegoarekin bakarrik, baizik eta Estatuko Gobernu guztiekin izan behar lukeen begirunea. Egoera hau berezia da, baina beste edozertan ere benetako koordinazioa nahi bada, aldez aurretik gaiak landu behar dira eta gutxieneko adostasunak lortu behar dira”, esan du ordezkari jeltzaleak. “Edozein lanetan gertatzen den moduan, politika ez baita hain desberdina horretan, pantaila baten aurrean 17 autonomia erkidegotako ordezkariak batzen badituzu (atzoko Estatuko osasun ordezkariekin egin zen bideokonferentzia esaterako) eta gaiak erabakita eramaten ez badira, gatxa da hortik adostasunak ateratzea. Eta lan egiteko era hori ohitura moduan hartu dute. Egoeraren larritasuna baliatuz, gauzak itxita eramaten dituzte batzarretara”, deitoratu du. Nolanahi ere, atzoko batzarrean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurkeztutako proposamenak onartu zirenez, Jaurlaritzak aldeko botoa eman zien Itxialdirako Osasun Irizpideei.

PARTEKATU