Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Karabakh Garaian eman diren azken gertakarien aurrean

Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Karabakh Garaian eman diren azken gertakarien aurrean
29 Iraila | EBB

Karabakh Garaiko Defentsa-Ejertzitoa eta Azerbaijango indar armatuak banatzen dituen `kontaktu lerroa´ izenekoan irailaren 27ko goizean hasi ziren erasoen aurrean, erasoa Stepanakert hiriburura eraman dela eta gehiengo armeniarra bizi den barrendegi honetako Ejertzitoak erasoari erantzuna eman diolarik, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak ondorengo adierazpenak egiten ditu Europako ekialde urrunean indarkeriaren gorakadak ekar litzakeen mehatxuen aurrean:

1. Gure doluminak adierazten dizkiegu 30 urtetan eten gabe gaiztotu den gatazkaren ondorio mingarriak sufritu dituzten biktima zibil eta militarren senideei, gizartearen zati handi bat biziki traumatizatuta bizi delako senide eta lagunak galtzean eta irtenbide baketsuak bilatzeko ezintasunak eragiten dien etsipenagatik.

2. Indar armatuak baliatu izana gaitzesten dugu,gaur egungo statu-quo-a ezegonkortzeko erabili direnak, eta bat egiten dugu nazioarteko erakundeek eta giza eskubideen aldeko erakundeek borroka eteteko eta, nazioarteko komunitatearen babespean, Armenia eta Azerbaijan negoziazio-mahaira itzultzea eskatzeko egin den deiarekin.

3. Berresten dugu uste osoa dugula auzi historiko eta konplexu honen irtenbide bideragarri eta iraunkor bakarra elkarrizketa zintzo batetik eta negoziazio eraikitzaile batetik etorriko dela, nazioarteko komunitateak bermatuta, gatazka honetan murgilduta dauden alderdien artean, eta negoziaketa hau Karabakh Garaiko edo Artsakh Errepublikako herritarren gehiengoaren borondate askean oinarritu beharko dela.

4. Adierazten dugu oso garrantzitsua dela OSCE (Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundea) erakundearen parte-hartzea, bereziki Minsk Taldearena (Frantzia, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak buru dituen elkartea), su-eten iraunkorra lortzeko eta aldeek onartutako irtenbide bideragarriak formulatzera begira.

PARTEKATU