EAJk RTVEko albistegietan euskararen erabilera areagotzea eskatu du

Korporazioko Administratzaile Bakarrak Euskadiko Lurralde Zentroko Lanbide Euskalduntze Planarekin jarraitzeko konpromisoa hartu du.
25 Iraila | Senatua

Luke Uribe-Etxebarria EAJ-PNVko senatariak eskatu du "RTVEk Euskadin egin eta emititzen dituen albistegiek euskara ere behar bezala erabil dezatela, euskal gizarteak gure hizkuntza propioaren inguruan dituen itxaropen eta nahien arabera".

RTVEko Batzorde Mistoan Rosa Maria Mateo Administratzaile Bakarrari egindako galderan, senatari jeltzaleak jakinarazi dionez, "administrazio guztiei dagokie euskararen aldeko jarrera proaktiboa hartzea, baita Estatuko Administrazio Orokorrari ere Euskadin, ahalegin handiagoa egin behar baitu, eta RTVE Korporazioa horren parte baita". "Euskal Administrazioek denbora asko daramate langileak euskalduntzeko planak garatzen, eta zuek ezin zarete salbuespena izan", azpimarratu du senatariak.

Horren harira, Uribe-Etxebarriak azpimarratu duenez, "ziur nago RTVE Korporazioaren Euskadiko Lurralde Zentroan ere islatzen dela gure herriaren egoera soziolinguistikoa: ziur nago Zentroko kazetari askok euskara modu arruntean eta lagunartean ezagutzen eta hitz egiten dutela. Hala ere, beste urrats bat eman nahi da, eta profesionalki lagundu eta trebatu, beren informazio-lan garrantzitsua euskaraz egin dezaten".

Senatariari erantzunez, Mateok esan du bere asmoa RTVEko Kazetarien Lanbide Euskalduntze Planarekin jarraitzea dela, dagoeneko kontratatuta dagoelako eta Covid-19aren pandemiaren ondorioz atzerapena izan duelako. Era berean, administratzaile bakarra bat etorri da senatari jeltzalearekin RTVEn ere euskararen erabilera sustatzeko premian.

Azkenik, Uribe-Etxebarriak gogorarazi du bihar, larunbata, Hizkuntzen Nazioarteko Eguna dela, eta hirurogeita hamar bat diputatuk, tartean Izaskun Bilbao jeltzaleak, sinatu duten manifestuari erreferentzia egin dio: "Hizkuntza bakoitzak ezagutza historiko, sozial eta kultural bakarra dakar, baita giza esperientzia eta munduaren ikuspegi paregabea ere. Gure ondare preziatua dira".

PARTEKATU