Mikel Arruabarrena: "Eusko Jaurlaritzak langabezia tasa %10-etik behera jaistea du helburu"

Legebiltzarkide jeltzalearen ustez, Covid-19aren ondorioz euskal enpresa askok duten ziurgabetasun egoera ikusita, enpresarien eta langileen aldetik malgutasuna beharrezkoa da kaleratze kolektiboak kosta ahala kosta saihesteko. Horretarako, "Itun soziala, elkarrizketa eta akordio bateratua funtsezkoak dira", esan du
24 Iraila | Eusko Legebiltzarra

Mikel Arruabarrena EAJ-PNVko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat langabezia-tasa %10-etik behera jaistea dela adierazi du. Helburu hori urteko lehen hiruhilekoan finkatzen hasi zen, %9,9-ko tasarekin, hain zuzen ere Covid-19aren ondorioz sortutako ziurgabetasuna baino lehen.

Arruabarrenak, Euskadiko industria-enpresen kaleratze masiboei buruzko puntuan parte hartu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarreko osoko-bilkuran. Horrez gain, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela langabezia-tasa %10 horretatik behera jartzen saiatzeko, eta funtsezkotzat jo du “enpresaburuen eta langileen arteko hitzarmen soziala, elkarrizketa eta akordioa”, euskal enpresek, egungo ziurgabetasun-egoeran, ahal den neurrian kaleratze kolektibo horiek saihestu ditzaten edo plantillen berregokitzearen ondorioak minimizatuko dituzten irtenbideak eman ditzaten."Enpresei dei egiten diegu inbertsioa atzera ez dezaten, susperraldia indartsua izan dadin, eta saihestezina bada, kaleratzea izan dadin hartu beharreko azken baliabidea", esan du.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak euskal enpresa merkatu berrietara aldatzen laguntzen jarraitzen duela nabarmendu du ordezkari jeltzaleak, enpresei balio erantsia ematen jarrai dezaten, hori baita aberastasuna eta kalitate handiagoko lanpostuak sortzeko gakoa. "Baina babes sozialari eusteko eta inor bidean gera ez dadin –Arruabarrenak esan du-, ezinbestekoa da enpresaburuen eta langileen arteko hitzarmen bat, elkarrizketaren eta akordio bateratuaren bidez. Beharrezkoa da plangintza estrategiko bat eraikitzea eta enpresaren eta langileen arteko hausnarketa partekatua egitea, enpresa ororen porrota saihesteko, eta, modu horretan, kaleratze kolektiboak saihesteko ".

Era berean, Arruabarrenak oposizioko taldeei eskatu die hasi berri den legegintzaldian "lagundu" dezatela eta "akordioak lortzeko prest" egon daitezela; izan ere, esan duen bezala, "Legebiltzarreko lanak emaitzak ematea nahi badugu, talde guztien elkarrizketa eta adostasuna ere beharrezkoa da, aritmetika parlamentarioa alde batera utzita".

PARTEKATU