Urkulluk berretsi egin du Covid-19aren biktimen oroitzapena eta gizarteak adierazitako konpromisoa eta elkartasuna bizirik mantentzeko borondatea

Lehendakariak gaur inauguratu du Gasteizen Sempervirens Parkea (beti berdea), oroitzapenaren, elkartasunaren eta itxaropenaren parkea
Urkulluk berretsi egin du Covid-19aren biktimen oroitzapena eta gizarteak adierazitako konpromisoa eta elkartasuna bizirik mantentzeko borondatea
21 Iraila | Eusko Jaurlaritza

Iñigo Urkullu lehendakariak Covid-19ko biktima guztiak gogoratzeko eta aitortzeko egin den ekitaldiaren buru izan da. Ekintza honen bidez, biktimak gogoratuko dira, familia guztiei eta maitatzen zituzten pertsonei agur esateko aukera izan ez zuten guztiei elkartasuna adieraziz.

Biktima guztien oroimenez landatu den sekuoia baten eta oroitzapenezko plaka baten inguruan egin da ekitaldia; eta musika pieza labur batek eta Lehendakariaren hitzaldiak osatu dute.  

Lehendakaria hildakoen familiei zuzendu zaie, euskal gizartearen izenean, doluminak adierazteko eta haien familiartekoak oroitzeko borondatea helarazteko. "Gure dolumina adierazten dizuet. Zuen galera-sentimenduan lagundu nahi dizuegu. Ez zaudete bakarrik ", esan du. Halaber, esker oneko hitzak izan ditu oinarrizko zerbitzuetako profesionalentzat. "Bihotz bihotzez, eskerrik asko!".

Lehendakariak Sempervirens Parkea inauguratzeko aprobetxatu du aukera. Gune hori, Covid 19aren biktimak omendu eta oroitzera, eta pandemia honetan arlo guztietako profesionalek egindako ahalegina gogoratu eta aitortzera bideratuko da. "Sempervirens Parke hau oroitzapenari eta elkartasun-espirituari bizirik eusteko dugun borondatearen adierazgarri da. Zentzu komunitario sakona duen gizartea gara eta izan nahi dugu ", adierazi du.

Hitzaldian, Urkullu lehendakariak aitortu du datozen urteetan ekonomiaren eta enpleguaren susperraldi gogor eta premiazkoari aurre egin beharko zaiola, bai eta bizikidetza sozialararen berreraikuntzari. "Berreraikitze zibikoa, eskua luzatuta, arlo guztietan elkarrizketa soziala bultzatuz", azpimarratu du. Hala, berreraikitze horren abiapuntua biktimen eta sufrimenduaren oroimenean oinarritzen dela azpimarratu du, ahalegin kolektiboaren, konpromisoaren eta elkartasunaren balioekin batera.

Gasteizko Sempervirens Parkean egin den ekitaldian Eusko Jaurlaritzako sailburuez gain, Diputatu Nagusiak, hiru hiriburuetako alkateak eta euskal erakundeetako, Eudeleko, Arartekoko, alderdi politikoetako eta epailetzako ordezkari nagusiak izango dira bertan. 

Pandemiak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz, oso formatu txikiko ekitaldia izango da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak biktimak omentzeko ekitaldi sozial zabalagoa sustatuko du, osasun-egoerak horretarako aukera ematen duenean eta aforo murrizketarik ez denean.

Sempervirens Parkea

Sequioa Parkea berriztu egin  da Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Zehazki, berdegunea, hiri-altzariak eta seinaleak birmoldatu dira. Gaur, Sempervirens Parkea izenarekin inauguratu da, oroitzapenaren, elkartasunaren eta itxaropenaren parkea.

Ekitaldi hau udalek zuhaitzak landatzeko eta plakak jartzeko udal-ekitaldiak egin ditzaten egindako gonbidapenaren parte izan da, beren herrietako biktimekiko elkartasun-sentimenduaren oroimenez. Duela gutxi, Sempervirens barietatearen Sequoia bat landatu da biktima guztien oroimenez. Zuhaitz gaztea da,  Lehendakariaren hitzetan, bizitza eta elkartasuna irudikatzen du. "Lankidetza eta guztion ongiaren espiritua sustatu duena. Itxaropena sinbolizatzen du”, adierazi du.

Iturria: Irekia

PARTEKATU