Kataluniako herriari errespetua erakutsi dio EAJ-PNVk, eta bere etorkizuna demokrazian eta askatasunean erabaki ahal izatea aldarrikatu du

Mikel Legarda diputatu jeltzalea Bartzelonan izan da gaur goizean Rafael Casanovaren irudian urtero egin ohi den lore eskaintzan
Kataluniako herriari errespetua erakutsi dio EAJ-PNVk, eta bere etorkizuna demokrazian eta askatasunean erabaki ahal izatea aldarrikatu du
11 Iraila | EBB

“Beste urte batez, Bartzelonara etorri gara gure errespetua erakustera eta Kataluniako herriari gure elkartasuna eta babesa adieraztera, Kataluniak, Euskadik bezala, bere etorkizuna askatasunez eta bide demokratiko eta baketsuen bidez erabakitzerik izan dezan”. Mikel Legarda Arabako diputatua EAJ-PNVren ordezkari gisa izan da gaur Diada del Onze de Setembre izenekoan, Kataluniako herriaren jaian, eta Bartzelonan parte hartu du Rafael Casanovaren omenez egin den lore eskaintzan, 1714ko irailaren 11n zendu zela gogoratuz, Bartzelona hiriaren eta kataluniarren askatasunen defentsan. Legarda PDeCATen ordezkariekin izan da, hauen artean David Bonvehí presidentearekin. Covid-19aren krisiak derrigortu du urteroko ospakizuna aldatzera eta ekitaldi honetan parte hartu ohi duten jarraigoak murriztera, baina ekitaldiak ez du hunkigarritasun edo sinbolismorik galdu.

Hedabideei eginiko adierazpenetan Legardak baieztatu duenez, EAJ-PNVren aldetik “Beti esan dugu Kataluniako auziari eman beharreko irtenbidea negoziaketa demokratikotik baino ezin dela etorri, akordiotik eta Kataluniako hiritargoaren borondatea errespetatzetik. Gauza asko gertatu dira azken urteotan Katalunian, espetxeratzeak eta 155. artikuluaren aplikazioa, besteak beste, eta erakutsi den gauza bakarra da errepresioa eta judizializazioa ez direla ezeren konponbide izango. Horregatik, bereziki gogoratu nahi ditugu gaur espetxeratzea sufritzen ari diren pertsonak edo beren Herria utzi behar izan dutenak”. Ondorio modura, diputatu jeltzaleak EAJ-PNVren izenean erreklamatu du “politika letra larriz egitea, Kataluniako eta Euskadiko auziei irtenbidea bilatze aldera.Bi erronka dira Espainiako estatuak normaltasun politikoarekin, eztabaidarako borondatearekin eta jarrera demokratikoarekin jorratu behar dituenak.

PARTEKATU