Barne Ministroari neurri estrukturalak erreklamatu dizkio Josune Gorospek, “Trafiko azterketa zentroetan ematen ari den kolapsoa konpontzeko”

Diputatu jeltzaleak osokoan salatu du hau “aspaldiko arazoa” dela, hainbat pertsonen enplegu-aukerak kaltetzen dituelako eta hainbat autoeskolaren etorkizuna arriskuan jartzen duelako
09 Iraila | Kongresua

Josune Gorospek, Euskal Taldeko diputatuak, Barne Ministroari erreklamatu dio gaur “neurri estrukturalak” hartzea eta “konponbide globala” ematea trafiko aztertzaileen gabeziak eragindako arazoa konpontzeko, kolapsoak eragin baititu Estatu osoko azterketa zentroetan, eta oso bereziki Gipuzkoan.

Espainiako gobernuari kontrola egiteko bilkuran, Gorospek azaldu du egoerak eragindakoa baino, “aspaldiko gaia” dela eta EAJ-PNVk hiru urte baino gehiago daramatzala gai hau lantzen Batzordean galderak eginaz eta Legez besteko Proposamenak aurkeztuaz. Gorospek gaineratu duenez arazoak “irtenbide zehatzak” behar ditu “hainbaten enpleagarritasunari eragiten diolako”, baita mikro-enpresei edo familia-enpresei beren inbertsioa arriskuan ikusten dutelako autoeskolen etorkizuna arrisku larrian dagoelako.

“Hainbat pertsona ezin dira aurkeztu gidabaimena eskatzen duten EPEetan, azterketa egiterik ez dutelako; arazo bat da autonomoentzat, familientzat, autoeskolentzat, nekazaritza guneetan bizi diren pertsonentzat eta garraio sektorearentzat”, berretsi du.

Horregatik guztiagatik, diputatu jeltzaleak uko egin die Grande Marlaskak konponbide gisa proposatutako “adabakiei”, eta gaia EAEren ardurapean jartzea eskatu dio. “Ezin dugu enplegu aukerarik galdu,ezta ekonomia suspertzeko aukerarik ere”, berretsi du.

PARTEKATU