Eusko Jaurlaritzako sailburuek kargua hartu dute

Eusko Jaurlaritzako hamaika sailburu berriek karguari zin egin diote gaur goizean Ajuria Enea jauregian. Formula tradizionalari jarraikiz, Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskuak jarrita egin dute karguaren zina. Bada, “Euskadiren zerbitzuan” eta "legearen arabera" hartzen duten agintea "zintzo eta leialki" erabiltzea hitz eman dute
Eusko Jaurlaritzako sailburuek kargua hartu dute
08 Iraila | Eusko Jaurlaritza

Ekitaldia lehendakari Iñigo Urkulluren aurrean garatu da, eta berak irakurri ditu izendapenen dekretuak. Bertan izan dira, halaber, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Euskal Ganberako Mahaiko kideak eta aurreko legealdiko gobernuko kargua utzi duten sailburuak. Urkulluk eskertu egin die egindako lana. 

Gobernu osatu berriak lehen bilkura egin ondoren, Lehendakariak nabarmendu du Jaurlaritza "zintzotasunarekiko, osotasunarekiko eta gardentasunarekiko" konpromisoarekin datorrela, "Kudeaketa hurbil, errealista, arduratsu, ireki eta eraginkorrarekiko" konpromisoarekin. "Gobernu hurbila, entzun eta erantzun egiten duena. Euskadiren orainarekin eta etorkizunarekin konprometitua. Guztion etorkizunarekin konprometituta", azpimarratu du.

Halaber, Lehendakariak gogorarazi du eskua luzatuta dagoela unean uneko larrialdiei erantzuteko, oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, suspertze ekonomikoa bultzatzeko eta enplegu-aukerak sortzen laguntzeko; eskua luzatuta dagoela euskal autogobernua eguneratzeko eta indartzeko. "Gure ardura indarrak batzea da, aurrera egiteko eta Euskadirentzat etorkizun berri bat bermatzeko. Hauxe da gizarteak eskatzen diguna eta, aldi berean, guk gizarteari eskatu behar dioguna. Gizartea eta erakundeak, erakundeak eta gizartea elkarlanean, auzolanean bat egitea. Gizartetik gertu egon behar gara. Gizarteari entzun eta gizarteari erantzun behar diogu, etengabeko elkarrizketa batetan. Nekaezinak izan behar gara honetan. Hau da jarrera", adierazi du.

Eusko Jaurlaritza berria aurkezteko ekitaldia amaitzeko, sailburuek hartu dute hitza.

Eusko Jaurlaritzaren osaera

Iturria: Irekia

PARTEKATU