EAJ-PNVk AEBetako alderdi demokrataren konbentzioan parte hartuko du eta, bertan, Joe Biden AEBetako presidente izateko hautagaitza ofizialduko da

EBBren Kanpo Ekintza Arloko arduradunak, Mikel Burzako burukideak, eztabaida-panelean parte hartuko du. Bihar hasiko da ekitaldi hori, eta batez ere telematikoki egingo da, Covid-19aren eragina larria baita han
EAJ-PNVk AEBetako alderdi demokrataren konbentzioan parte hartuko du eta, bertan, Joe Biden AEBetako presidente izateko hautagaitza ofizialduko da
16 Abuztua | EBB

EAJ-PNVk AEBetako alderdi demokrataren konbentzio nazionalean parte hartuko du. Datorren astean izango da konbentzioa, Milwaukee-n, eta, bertan, Joe Biden azaroaren 3an Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateko hautagaitza ofizialduko da. Antolatzaileek joan den astean jakinarazi dituzte demokraten goi-bileran parte hartuko duten gonbidatuen eta pertsonaia garrantzitsuen izenak. Bihar, abuztuak 17 (astelehena), hasiko da goi-bilera, eta ostegunean, hilak 20an, amaituko da, Bidenek presidente izateko izendapena onartzeko hitzaldiarekin. Hautagaia eta presidenteordetzarako hautagai izendatu berria, Kamala Harris senataria, izango dira bertan, baina horiez gainera AEBetako azken presidente demokrata, Barack Obama, izango da konbentzioko pertsonaia nagusietako bat. Demokratek Biden eta Harris Etxe Zurirantz bultzatzeko diseinatutako kanpaina-ekitaldi handi bat izango da. Beste alderdi politiko batzuen artean, EAJ-PNV berriz gonbidatu dute konbentziora. Alderdi jeltzaleak 2004. urteaz geroko konbentzio demokrata guztietan parte hartu du, eta Wisconsin-eko konbentzioan, alderdi demokratarekin eta alderdiak dituen jatorri euskalduneko kide ugariekin adiskidetasun- eta konfiantza-harremanak estutu nahi ditu.

Covid-19aren pandemiak eragin handia izan du Demokraten Konbentzio Nazionalean, hasieran aurreikusita baitzegoen uztailaren erdialdean egitea, Milwaukeen, Wisconsineko hiri nagusian, hau da, azaroaren 3rako hauteskundeetarako funtsezkoa den estatuan. Bidenek estatu horretan irabazi behar du gaur egungo presidentea, Donald Trump, garaitu nahi badu. Konbentzioa hilabete atzeratu da baina, horrez gain, antolatzaileek konbentzioa modu birtualean egitea erabaki dute. Ordezkari talde txiki batek eta gonbidatuen kopuru oso mugatu batek baino ez dute parte hartuko aurrez aurre; beraz, esku-hartze gehienak aldez aurretik grabatuko dira edo zuzenean emango dira planetako hainbat lekutatik.

Aurten ere, EAJ-PNV alderdia konbentzio demokratara gonbidatu dute. Edizio berezi honetan, nazioarteko parte-hartzaileek aukera izango dute alderdi biko eztabaida-paneletan esku hartzeko eta elkarri eragiteko, presidentetzarako hauteskundeei, kanpo-politikako eta barne-politikako gaiei edo interes orokorreko gaiei buruz (zibersegurtasuna, demokrazia digitala, emakumeen ahalduntzea erabaki politikoak hartzeko arduradun gisa, protesta-mugimenduek politikan duten zeregina, etab.). Panelean izango dira, besteak beste, politikaren arloko esatariak, kazetariak, inkestagileak, ordezkari politikoak eta komunikabideetako pertsona ezagunak. Euzkadi Buru Batzarrean Kanpo Ekintza Arloko ardura den Mikel Burzako burukideak parte hartuko du eztabaida-panel horretan. Duela lau urte, EBBko buruak, Andoni Ortuzarrek, eta Antolaketako ardura zuen Joseba Aurrekoetxea burukideak parte hartu zuten, alderdi jeltzalearen ordezkari gisa, Filadelfian (Pensilvania) egin zen Demokraten Konbentzio Nazionalean.

PARTEKATU