EBren akordio “historikoan” aukera bat ikusi du Izaskun Bilbaok, gero eta garapen sendo eta jasangarrirako bidea egitera begira

Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu andreak uste du Kontseiluaren baitan ekonomia suspertzeko Europako planaren inguruan adostu den akordioa “historikoa” dela, Europako Batasun osoa lehen aldiz zorpetuko delako gaur egungo krisi sakonari aurre egiteko eta funtsen erabilerarako ezarri diren baldintza nagusietan funts horiek gastatzean bete beharko diren helburuak jasotzen direlako. “Are garapen jasangarriagoa, orekatuagoa eta integratzaileagoa sustatuko duten politikez ari gara, eduki sozialago batekin eta zuzenbide estatuaren beraren kalitatearen garrantzia nabarmenduz, hau da, Europako Batasunari itzultzen zaio bere fundatzaileen euren izpiritua”

EBren akordio “historikoan” aukera bat ikusi du Izaskun Bilbaok, gero eta garapen sendo eta jasangarrirako bidea egitera begira 21Uztaila 21 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Europako Parlamentuko euskal diputatuak adierazpen hauek egin ditu TELE7 telebistari eskaini zaion elkarrizketan, zeinetan ordezkari jeltzaleak Europako Kontseiluaren baitan adostutako akordioa baloratu duen, ekonomia suspertzeko plana abian jartzera begira. “Esan liteke akordioa hau dela Europaren birsortzea, aurrera ematen den pausu historiko,positibo eta berritzailea, aurrekaririk ez duen krisi-egoera honetatik irten gaitezen. Orain, lehen urrats hori osatu beharko dugu Europako Parlamentuan ireki beharko diren negoziaketekin. Hainbat urtetarako Marko Finantzarioa moldatzeko eta zuzenbide estatuaren beraren kalitateari eta funtsak jasotzeko orduan Europako baloreak bereganatzeari eman behar zaion garrantzia azpimarratuz. Gainera, seriotasun osoz eta presaz heldu behar zaio Batzordearen aurrekontuaren finantzaketari, baliabide propioak izaten hasi beharko baitu”.

Bilbao Barandicak nabarmendu duenez, negoziaketek iraun duten aldi osoan egin den diskurtsoaren aurrean “uste dut `frugal´ izenez ezagutu diren edo azken aldi honetan `belatz´ deitu direnen jarrerak ez dio errealitateari erantzuten. Parlamentuaren eta Batzordearen proposamenak esan nahi zuen beren ohiko jarrerak porrot egin zuela, orain arte sekula ere onartu ez dutelako elkarrekin zorpetzeko ideia, ezta zor horri Batasunaren aurrekontuen bermearekin erantzuteko erabakia ere. Hori bai dela garaipena, Europa federala nahi dugunona, hau da, Europa fundatu zutenen oinarrizko balioetan oinarrituta: enpatia, elkartasuna, demokrazia eta oinarrizko eskubideak. Balore horiek orain argi eta garbi adierazi dira dirutan,eurotan. Europak irabazi du eta `frugalek´ere irabazi dute, beren ekonomiak ere bide onetik joango direlako Europako gainerako estatuetako ekonomiak bide onetik joaten badira”.

Europako parlamentuko euskal diputatuak era berean nabarmendu nahi izan du Europako Parlamentuak akordio honetan izan duen eta izango duen zeregina. “Une honetan inork ez du gogoratzen printzipio hauetan oinarritutako lehen berreraikitze plana Europako Parlamentuak ia aho batez onartu zuela eta talde nagusietako presidenteek Batzordeko eta Kontseiluko arduradunei gogoratu zietela Parlamentuak berak ez zuela onartuko akordio hartan adierazitako printzipioei traizio egitea. Lehen urrats horren ondoren, batzordeak plan bat aurkeztu zuen Parlamentuan adostutako akordioaren bizkarrezurrari eusten ziona, eta azkenean printzipio horiek dira behin betiko akordioan jaso direnak. Orain, Europako Parlamentuak koerabakia dauka Urte Askotarako Plan Finantzarioan, hurrengo zazpi urteotan Europak izango dituen aurrekontuen plan zuzendarian, eta giltza ere badauka atzerapausorik eman ez dadin”.

Kontseiluan adostu den akordioak, azkenean, Estatu Kideentzat eskuragarri jarriko ditu 750.000 milioi euro. %52 izango da diru-laguntzetarako eta %48 maileguetarako. Estatuen artean egingo den funtsen banaketak koherente izan beharko du Europako Batzordeak emaniko gomendioekin eta erreformek ondorengo helburuak izango dituzte: orain artekoa baino hazkunde jasangarriagoa, trantsizio berdea eta trantsizio digitala babestea eta Batasunari erresilentzia ekonomiko eta sozial handiagoa emango dion garapena eragitea. Horrek ekarriko du garapen industriala sustatzeko jarduerak abian jartzea, baita lan merkatua, hezkuntza edo gutxieneko errenten sistemak arautzeko ere.

“Une honetan gure kezka da, amaitu du Izaskun Bilbao Barandicak, kobobernantzaren printzipioa sartzea funts horiek Estatuan aplikatzeko orduan. Euskadiren kasuan sektore industrial indartsua daukagu, nazioartekotuta dago eta lerrokatuta dago etorkizunerako estrategiekin, eta bultzada hau oso ondo aprobetxatzeko moduan dago. Gure helburu nagusiena da gure sare ekonomikoaren berezitasuna aintzat hartua izan dadila eta, logikoa denez eta orain arte eginiko ibilbidea erreparatuz, aukera eman diezagutela funts horiek kudeatzeari buruzko erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko”.

Interesatu Zaitez