Inkesten eraginaren kontra ohartarazi du EAJk: "Hobe da igandean bozkatzea lau urtez kexatzea baino"

Barakaldon, Urkulluk, Ortuzarrek eta Arrizabalagak euskal hiritargoari eskatu diote “Euskadiren etorkizuna, berriz ere, jeltzaleen esku jar dezala”, lehenbailehen ekin ahal izateko ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko lanari
06 Uztaila | EBB

EAJ-PNVk bi mezu argi luzatu nahi izan ditu gaur arratsaldean Barakaldon egin den mitinean. Lehen mezua: ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea dira, krisi ekonomiko larria ematen den une honetan, arduradun politikoen lehentasun nagusia. Bigarren mezua: hutsegite larria egingo du igandean bozkatzera joaten ez denak, jeltzaleek hauteskundeak dagoeneko irabazitzat jo ditzakeelakoan. Lehen mezua bidali du Lehendakari eta berrautaketara aurkezten den hautagai jeltzale Iñigo Urkulluk; bigarrena, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek. Lehena, Alonsotegin jaioa; bigarrena Sanfuentesen (Abanto-Zierbena). Biek ondo baino hobeto ezagutzen dute Ezkerraldean bizi diren pertsonek bizi duten egoera, eta biek hitz egin dute gaur Foruen Plazan talde jeltzaleak egin duen ekitaldi politikoan. Beraien ondoan izan da ekitaldia irekitzeko hitzak esan dituena, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburua, U-12an jokoan dagoena “Euskadiren etorkizuna noren esku utziko dugun” erabakitzea dela nabarmenduz.

Urkulluk baieztatu du EAJ-PNVk Euskadi eraikitzeko lanari ekingo diola `Guztiok Bat´ deitu duten tresna baliotsuarekin. “Herri estrategia bat da 10.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duena” Udalen, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin “elkarlana eginaz sare produktiboarekin eta industriarekin, enpresa ertain eta txikiekin, Unibertsitatearekin eta Lanbide Heziketarekin, klusterrekin eta teknologia zentroekin. Denok elkarren eskutik langabezia, berriz ere, %10etik jaisteko”. Lehendakariak gogora ekarri du duela zortzi urte, bera Lehendakaritzara iritsi baino lehen, Euskadi “atzeraldi egoeran” zegoela “enpresen itxierarekin, enpleguen suntsiketarekin, etorkizun falta zegoen familientzat eta gazteentzat… Krisia, krisia eta krisia, besterik ez. Baina, zortzi urteko lanaren ondorioz, egunez egun, lanpostuz lanpostu, langabezia %10etik jaistea lortu genuen. Eta, oraingo honetan, berriro lortuko dugu, zalantzarik gabe”, hitzeman du. Arabako zerrendaburuak bere hitzaldia amaitzeko gogora ekarri duenez, “datorren igandean hitzordua daukagu etorkizunarekin, gure etorkizunarekin. Parte hartu beharra daukagu. Erabaki behar dugu etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun eta etorkizun hori nork lideratzea nahi dugun. Boto bakoitza dugu beharrezko eta, boto bakoitzarekin, gehiengo zabal bat egitea eskatzen dut, krisi honetatik ateratzeko bidea lideratzeko. Konfiantza eta mobilizazioa eskatzen dugu. Segurtasuna eta zorroztasuna eskaintzen dugu. Egiten jakitea, gure oinarrien gainean Euskadi berreraikitzeko”.

Ortuzarrek euskal hiritargoari ohartarazi nahi izan dio eta bereziki Euskadiren etorkizuna EAJ-PNVren eskuetan jarraitzea nahi duenari, inkesta guztiek talde jeltzaleari ematen dioten garaipenak eragin lezakeen “somnifero” efektuaren kontra. “Balioa duen inkesta bakar bat dago, eta hori da igandean hautestokiak ixtean irteten dena. Ez ezazue konfiantza lar izan. Nik ez daukat. Guk gure helburuarekin jarraitzen dugu, zaila da, baina eskuragarria ere bai: Herrialde bakoitzeko eserleku bat gehiago irabaztea. Ez gaitezen inkestek ematen dituzten emaitzekin gozo geratu. Helburua argia da, 31. Zaila, baina egingarria”, esan du buruzagi abertzaleak. Ortuzarrek gaurko hitzaldia dedikatu du igaro den asteburuan Euskadira hurbildu den politikari-saldoak utzi duen balantze eskasari buruz hitz egitera. Horien artean zegoen Pedro Sánchez Espainiako Gobernuburua “gu aipatu gabe, mezua bidali diguna”, esan du Ortuzarrek. “Berak esan du ez direla tokian tokiko interesak interes orokorraren gainetik jarri behar. Bada, niretzat, tokian tokiko interesak defendatzea da Sanfuentesko interesak defendatzea, baina Euskadiko interesak defendatzea da interes orokorrak defendatzea. Niretzat, Euskadiko interesak defendatzea da, Pedro, zuretzat Espainiako interesak defendatzea bezala. Bakoitzak bereak! Garrantzi berbera dute biek!”, nabarmendu du jeltzaleen buruak.

Leixuri Arrizabalagak bere aldetik baieztatu duenez “EAJ-PNVk hauteskunde egitasmo bat dauka bere etorkizunari aurrez aurre begiratzeko. Hezkuntza osagai funtsezkoa da ikasleria behar bezala prestatzeko inguru sozial eta kultural anitz, konplexu eta dinamiko batean”. Arrizabalagak sistema eleanitza defendatu du, ingelesaz gain atzerriko beste hizkuntzaren ikaskuntza bermatuko duena. Irakaslearen figura balioetsiko duen eredua. Eta EAJ-PNVk aurreikusten dituen bi konpromiso azaldu ditu: 2023rako Hezkuntzako azpiegituren Plana garatzea, 245 jarduera zehatzekin eta 318 milioi euroko inbertsioarekin; eta ikasleen %60k Lanbide Heziketa arlo dualean egin dezala bermatzea. Era berean nabarmendu du Legebiltzar bizi eta aktiboa izatearen garrantzia, gure etorkizuna diseinatzeko legeak onartzera begira. “Erakunde indartsuak behar ditugu, garrantzitsuena ardatz hartuta: Euskadi ahalik eta azkarren atera dadila kolpe honetatik, eta lehenbailehen", adierazi du, galdera honekin amaitzeko: "Noren esku utziko dugu Euskadiren etorkizuna?"

PARTEKATU