Venezuelako egoerari buruzko EBBren agiria

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak bere kezka adierazi du Justizia Auzitegi Gorenak Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionala (CNE) berritzeko erabili duen moduagatik, hau da, Batzar Nazionalak bere kideen hautaketan parte hartu gabe eta Konstituzioan aurreikusitakoaren aurka
Venezuelako egoerari buruzko EBBren agiria
23 Ekaina | EBB

Gertaera horrek ahuldu egiten du CNEren eta hurrengo hauteskunde-prozesuaren sinesgarritasuna, Venezuelako erakunde gorenak are gehiago deslegitimatu egiten ditu eta aurrera egiten du herrialde horretako demokrazia gero eta gehiago hondatzeko prozesuan. Hartara, EAJ-PNVk gogor gaitzesten ditu Venezuelako alderdi politikoen sistema suntsitzeko eta bere Gobernuaren oposizio demokratikoa ezabatzeko eman diren urratsak.

EAJ-PNVk lehenago plazaratu dituen komunikazioen edukiarekin bat etorriz, berriz ere adierazi behar dugu uste osoa dugula herrialdeak bizi duen krisi politiko, instituzional, sozial eta humanitarioa konponduko bada, ezinbesteko gertatzen dela gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa eraikitzailea, urte honetan bertan presidentea eta organo legegileak aukeratzeko hauteskunde zuzen eta gardenak egitera begira. Hauteskunde horiek lagundu beharko dute instituzioak demokraziaren bidera itzultzen, gosea eta pobrezia desagerrarazten, bake soziala berrezartzen eta ekonomia nazio gisa berreraikitzen.

Azkenik, Nazioarteko Komunitatearen inplikazio handiagoa eskatzen dugu, beharrezko ahalegin guztiak egin behar baititu bakea, askatasuna eta garapen ekonomiko eta soziala Venezuelan ahalik eta lasterren berrezar daitezen.

PARTEKATU