Aitor Estebanek Sekretu Ofizialen Legearen aldarazpena aldarrikatu du Errege Etxearen edo Trantsizioaren inguruan dagoen “beloa” altxatu ahal izateko

Bozeramaile jeltzaleak berretsi duenez, alderdi demokratikotik “ez da egokia” Espainian hainbat gairen inguruko informazioa jasotzea hirugarren herrialde batzuetan argitaratzen diren albisteen bidez eta, horregatik, Euskal Taldeak Kongresura eramango du, lau urtetan laugarren aldiz, Sekretu Ofizialen Legearen aldarazpena, agiriak desklasifikatzeko epeetan denbora muga bat ezartzera begira
22 Ekaina | Kongresua

Euskal taldeak, lau urtetan laugarren aldiz, Sekretu Ofizialen Legea aldaraztea proposatu du beste herrialde batzuetako legeekin homologatzeko, agiriak desklasifikatzeko denbora muga bat ezartzera begira. Osoko bilkurak bihar bertan eztabaidatuko duen Lege Proposamenaren bidez egingo du, 15:00etan hasiko den bilkuran.

Aitor Estebanek berak TVEko ‘Los Desayunos’ saioan egin dioten elkarrizketan aditzera eman duenez “alderdi demokratikotik ez da egokia Espainian hainbat gairen berri izatea hirugarren herrialde batzuetan argitaratzen diren albisteen bidez”, eta hori gertatzen da, esate baterako, Trantsizio garaiko une batzuekin, GALaren inguruko gaiekin edo Errege Etxearen inguruko informazioekin. Horregatik aldarrikatu du “beloa altxatzea” eta “sekretismo horrekin guztiarekin” amaitzea. “Demokratikoki osasuntsua den herrialde batean aukera egon beharko luke, urte kopuru zehatz baten ondoren, dokumentazio klasifikatua ezagutu ahal izatea”, nabarmendu du. Eta, aldarazpen hori babesten ez dutenen inguruan Estebanek esan du ez dutela “Estatua defendatzen, baizik eta beren interesak”. “Komeni dena da gauzak lasai asko ezagutzea, hau da, gertatu ziren moduan”, nabarmendu du.

Hain zuzen ere, Estebanek kritikatu du Konstituzioan “gehiegi babesten direla” Errege Etxea eta Erregearen bortxaezintasunaren interpretazio juridikoa. Bere ustez “nabarmen neurrigabea da”. “Ikertzeko aukerarik ez egotea ez da demokrazia batean gertatu beharko lukeen zerbait, hutsegite konstituzionala da”, nabarmendu du. “Estatuko burutza erakunde bat da, besteak bezalakoa, ez da Erregea ez du jaungoiko batek aukeratzen ; erabateko bortxaezintasuna guztiz lekuz kanpo dago, nire aburuz”, baieztatu du Estebanek.

Bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri ditu CIAk ezagutzera eman dituen informazioak, Felipe Gonzálezek GAL-ekin zerikusia duela planteatzen dutenak. Gai honen inguruan ere baieztatu duenez “ez ziren argi geratu egitura edo antolaketa” eta horregatik “GAL taldearen gai hori argituta ez dagoelako, ezta gutxiago ere”, gai hori aztertzeko Ikerketa batzordea eratu beharra aldarrikatu du.

Amaitzeko, uztailaren 12ko hauteskundeez galdetu diotenean, Estebanek baieztatu du hauteskunde hauek “berezko dinamika” dutela “oso bereziak eta oso garrantzitsuak dira erronka sozial eta ekonomikoari aurre egin behar diogun une honetan”, eta euskal hiritargoari eskatu dio egoeraz jabetzea eta botoa ematera joan dadila “oraingoa moduko une esanguratsuan”.

PARTEKATU