Iturrate: "Euskal gizarteak nahi izanez gero, EAJ-PNVren lidergoa izango du Herria altxatzeko"

Legebiltzarkide jeltzalearen ustez, demokraziarako eta bakerako funtsezkoa da GALen sorreraren inguruan gertatutako guztia argitzea, eta biktima guztientzat eskatu du egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. "Ahalegin horretan egongo da beti EAJ-PNV"
16 Ekaina | Eusko Legebiltzarra

"Euskal herritarrei egiten diegun eskaintza Euskadi zutik jartzeko proiektua da. Orain arte hala egin dugu, eta berriro ere gugan konfiantza jartzen badute, gure lidergoa eskainiko diegu pandemia honek suntsitu duen guztia berreraikitzeko ". Iñigo Iturrate EAJ-PNVko legebiltzarkideak nabarmendu du EAJ-PNVk lan gogorra egin behar duela COVID-19k gogor zigortutako "Herria zutik jartzeko" eta euskal gizarteari bere konfiantza eskatu dio berreraikitze prozesu horren buru izateko. Onda Vasca irratiko Euskadi Hoy saioan egindako elkarrizketa batean, Iturratek esan du "krisi honetatik aterako gara, iraganean egin dugun bezala", erakunde eta zerbitzu publiko indartsuak ditugulako, "egoeraren larritasunari erantzuteko gaitasuna" erakutsi dutenak.

Ordezkari jeltzaleak oposizioari krisi honen erabilera alderdikoia aurpegiratu dio, eta ziurtatu du, kanpaina moduan egon diren bitartean, Lehendakaria gobernatzeko eta kudeatzeko moduan egon dela. "Paradoxikoa da hauteskunde deialdia nahi ez zutenek eta gizartea horretarako ez zegoela esaten zigutenek egiten dituztela hauteskunde ekitaldiak egun batean bai eta bestean ere bai, pandemia garaian eta pandemiarekin". Gu, gaineratu du, Euskadik dituen arazo eta erronkei erantzunak eta irtenbideak proposatzen ari gara. Onartzen du EAJ-PNVk kanpainaren iraupena laburtzearen aldeko apustua egin zuela, baina aho batezkorik ezak bideraezin bihurtu zuen proposamen hori. Ildo horretan, hauteskunde kanpaina "ezberdin, zuhur eta batez ere pertsonen segurtasuna babestuko duen kanpaina batean" ari direla lanean esan du. Ez da ekitaldi masiborik izango, ezta propaganda banaketarik ere, baina "kalean egongo gara, herritarren nahiak entzuten eta jasotzen. Espazio publikoa berreskuratuko dugu, gure egunerokoan egiten dugun bezalaxe, baina betiere osasun bermeak zainduz ". Hauteskundeetako inkestez galdetuta, Iturrate zuhur agertu da "benetako inkesta hilaren hamabikoa izango direlako. Inkestetaz fidatzea akatsa izango litzateke ".

CIA ETA GALEN SORRERA

Elkarrizketan zehar, Iturrateri galdetu diote AEBetako zerbitzu sekretuek desklasifikatu dituzten dokumentuen inguruan, bertan Felipe Gonzalezek GALen sorrera baimendu zuena aditzera ematen dutenak. Iturrateren arabera, txosten horrek ez du ezer berririk ekartzen, eta ez du euskal gizartea harritzen, "Bere garaian x jaunari izen-abizenak eta erantzukizun politikoak jarri baitzizkioten", baina gaur egun argitu gabe dauden gertakari batzuk argitzeko eskatu du. "Bere garaian ez zen posible izan egia judizial osoa Espainiako justiziaren aldetik; beraz, egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatzen lagunduko duen orok gure babes eta konpromiso osoa izango du". Eskubide hori giza eskubideen urraketen biktima guztientzat betetzea eskatu du Iturratek, baita GALen biktimentzat ere, "Funtsezkoa izango baita Euskadin eta Estatuan demokrazia eta bakea eraikitzen aurrera egiteko".

PARTEKATU