Josune Gorospek krisitik "modu ordenatu eta planifikatuan" irtetea eskatu du, eta elkarren artean gainjartzen diren batzorde eta lantaldeak biderkatzearen aurka agertu da

Diputatu jeltzaleak Illari ohartarazi dio EAJ-PNVk ez duela "itxurakeria politikoetan" parte hartuko, eta ahaleginak "larrialdietan" jar ditzala eskatu dio, hala nola Europako funtsak lortzeko proiektuak zehazteari dagokion aldetik.
11 Ekaina | Kongresua

Josune Gorospek, Euskal Taldeko Osasun bozeramaileak, krisiari irtenbide "ordenatua eta planifikatua" emateko eskatu dio Osasun ministroari, eta, ildo horretan, Kongresuan COVID-19aren pandemia aztertu eta ebaluatzeko hainbat batzorde sortu izanaren aurka agertu da; batzorde horiek elkarren artean gainjartzen dira, eta orain arte eratutakoei Gobernuak iragarritakoa eta Sanchez presidenteak atzo aipatutako beste bat gehitu zaizkie.

Kongresuko Osasun Batzordean, Gorospek Illa ministroari ohartarazi dio "EAJ-PNVk ez duela inolako “itxurakeria politikotan parte hartuko", eta ahaleginak "premiazkoari" erantzuteko lanean jartzeko eskatu dio, hala nola, Europako funtsetatik onura atera dezaketen proiektuak zehazteko, bai eta birusa berriro agertzekotan prebentzio eta detekzio goiztiarrerako mekanismoak zehazteko ere. "Duela hamabost egun, elkarrekin hausnarketa bat egiteko beharra partekatzen genuen, COVID-19aren ondorioak ebaluatzeko eta auto-hornikuntzaren beharrak aztertzeko, baina hori, hausnarketa bateratuarena, talde-terapiara pasatzen da", ohartarazi du Gorospek, dagoeneko sortu diren lantaldeak eta batzordeak eta gai horien inguruan lan egiteko proposatu direnak zerrendatu ondoren. "Ez dugu Batzorde gehiagorik behar, hau nahaste-borraste bat izango da", esan du diputatu jeltzaleak.

Bestalde, Josune Gorospek hedabide batean argitaratutako erreportaje baten berri eman du, gaixotasun batzuetan kannabinoideak nola erabiltzen diren eta COVID-19aren aurkako borrokan ere aplikatzeko aukera dagoela azaltzen duena, paziente batzuengan zantzu neurologikoak daudela kontuan hartuta. Hala, ministroari galdetu dio ea horri buruzko ikerketaren bat egiten ari diren, COVID-19aren kontrako tratamenduan kannabinoideak erabiltzeak izan ditzakeen abantailak edo onurak zehazteko.

Azkenik, Euskal Taldeko diputatuak Gobernua egiten ari den bigarren ikerketa serologikoari buruz hitz egin du; izan ere, "Ez dira lehenengoaren emaitzak nabarmen aldatzen", eta badirudi "artaldearen immunitatea lortu ezina" dela.

PARTEKATU