Burtzeña, Ermua, Zorroza eta Ugao-Miraballesko batzokien kontra egin diren azken erasoak txarretsi ditu BBBk

Azken sabotaje hauek agerian utzi dute aspaldi honetan berpiztu egin direla garaiz eta tokiz kanpo egoteaz gain guztiz ulertezinak diren halako indarrezko praktikak, elkarbizitzaren eta ezberdina errespetatzeko bidea egiten batere laguntzen ez dutenak
Burtzeña, Ermua, Zorroza eta Ugao-Miraballesko batzokien kontra egin diren azken erasoak txarretsi ditu BBBk
10 Ekaina | BBB

Bizkaiko lau batzokik gaur goizaldean jasan dituzten erasoak gaitzetsi nahi ditu eta gaitzetsi behar ditu Bizkai Buru Batzarrak. Ugao-Miraballes, Ermua, Burtzeña (Barakaldo) eta Zorrotzako (Bilbo) jeltzaleen egoitzak pintadekin agertu dira gaur goizean EAJ-PNVri Patxi Ruiz ETAko presoaren ‘egarri eta gose’ grebaren ‘errudun’ deituz, alderdi jeltzaleek egoera horrekin zerikusirik izango balu bezala, eta ‘amnistia’ eskatuz. Ermuko egoitzaren kontra egin den sabotajearen kasuan, erasotzaileek eraikineko hormak erabili dituzte talde jeltzaleari `mafia´ deitzeko edo bestelako hainbat mezu idazteko, besteak beste  ‘Zaldibar argitu’, ‘PNV=patronal’ eta ‘presoak etxera’. Hori dela eta, EAJ-PNVren Bizkaiko exekutibak, berriz ere, halako jarduerak salatzera irten behar izan du, eta gogoratu nahi du garaiz eta lekuz kanpo egoteaz gain,erabat ulertezinak direla eta inola ere ez dutela laguntzen elkarbizitzaren eta ezberdina errespetatzeko bidea egiten, eta horixe da,hain zuzen, euskal gizartearen gehiengo zabal batek erreklamatzen duena, Euskadiko herritargoa irrikan baitago bere historiaren orrialde beltzenak atzean uzteko.

Hilabete batean halako jarduerek gorakada kezkagarria ezagutu dutela ikusi dugu, eta gizarte zibila eta alderdi politikoak ezin gara horren aurrean ezer egin gabe geratu. Hori dela eta, BBBk askatasunaren eta demokraziaren kontrako eraso horien egileei exijitzen die berehala halakoak egiteari utz diezaiotela, eta Euskadiko alderdi politiko guztiei eskatzen die gaitzespen honekin bat egitea, EH Bilduri oso bereziki.Hain zuzen ere, EH Bilduri exijitzen diogu publikoki eta argi eta garbi eraso horietatik bereizi dadila, gerta litekeelako egunotan Euskadiko kaleetan entzuten ari garen oihu eta kontsignen egileek (gure aburuz marra gorriak gainditzen dituzte eta guk behintzat gainditutzat jotzen genituen), uztailaren 12an hautestokietan koalizio abertzale horren identifikazio txartelak soinean eramatea. Horregatik,hain zuzen, EH Bildu da praktika horietatik, itxura mafioso argia duten kontsigna eta sabotajeetatik aldentzeko interesik handiena izan beharko lukeena.

Halako jarduerek argi eta garbi erakusten dute azken hilabete hauetan bizi behar izan dugun egoera latz eta gogorrean ere, batzuek nahiago dutela xantai,mehatxu, hertsapen eta irainaren bidea aukeratu, balizko probetxu bat lortzeko. Ez omen dira konturatu euskal gizarteak eraiki nahi duela, suntsitu beharrean, hitz egin nahi duela, iraindu beharrean, errespetatu nahi duela, mesprezatu beharrean.

EAJ-PNVren kontrako hertsapen-kanpaina onartezin hau hasi zenetik, 41 dira Bizkaian erasoak jasan dituzten batzokiak. Bart gauean egin direnei gehitu behar zaizkie azken hilean egin direnak. Ondorengoak dira: Ibai-Eder (Bilbao), Olakoaga (Güeñes), Sondika, Güeñes, Urduliz, Usansolo, Lezama, Kastrexana, Lemoiz, Arrigorriaga, Abando, Loiu, Larrabetzu, Artea, Areatza, Bilbo Zaharra, Deusto (hirutan), Arrankudiaga, Sabindarrak (birritan), Begoña, Erandio Goikoa, Ariz (Basauri), Durango, Abadiño, San Miguel (Basauri), Gurutzeta (Barakaldo), Gernika, Errepelega (Portugalete), Mungia, Algorta, Getxo Zaharra, Berango, Igorre eta Portugalete.

PARTEKATU