BBBk Usansolo, Lezama eta Kastrexanako batzokien kontrako erasoak salatu ditu

Hiru egoitza hauek izan dira EAJ-PNV, Bizkaian bereziki, azken aldi honetan pairatzen ari den jazarpen kanpaina onartezin eta justifikaezinaren azken protagonistak
BBBk Usansolo, Lezama eta Kastrexanako batzokien kontrako erasoak salatu ditu
05 Ekaina | BBB

Ohitura zorigaiztoko eta lotsagarri bihurtzen hasia den honetan, ezezagunek Usansolo eta Lezamako egoitzetako hormetan pintadak egin dituzte Patxi Ruiz ETAko presoaren `egarri eta gose´ grebari erreferentzia eginez. Halaber, Ruiz ´gudari´ deitzeaz gain`amnistia osoa´ eskatzen dute eta EAJ-PNVri `hitzaile´ izena ematen diote. Halako mehatxuak erabat onartezinak eta jasanezinak dira, are gehiago 2020an, euskal gizarteak aspaldi atzean utzi baitzuen bere historiako garairik tragiko eta zorigaiztokoena.

Halako jokaerak nabarmen ugaritu direla ikusita, gizarte zibila eta alderdi politikoak ezin gara ezer egin gabe geratu. Horregatik, Bizkai Buru Batzarrak, askatasunaren eta demokraziaren kontrako eraso hauen egileei eskatzen die berehala halakoak egiteari utz diezaiotela eta alderdi politikoei eskatzen die gaitzespen honekin bat egin dezatela. Halako jarduerak ez datoz bat gaur egungo gizartearen heldutasun politiko eta demokratikoarekin, eta eragotzi besterik ez dute egiten tolerantzian,aurrerabidean eta elkarbizitzan oinarrituta dagoen herrigintza.

Usansolo eta Lezamako batzokien kontra eginikoekin, 31 dira Bizkaian zenbatu diren sabotajeak. Erasoak jasan dituzten beste egoitzak ondorengoak izan dira: Lemoiz, Arrigorriaga, Larrabetzu, Artea, Areatza, Bilbo Zaharra, Deusto (birritan), Arrankudiaga, Sabindarrak (birritan), Begoña, Erandio Goikoa, Ariz (Basauri), Durango, Abadiño, San Miguel (Basauri), Gurutzeta (Barakaldo), Gernika, Errepelega (Portugalete), Mungia, Algorta, Getxo Zaharra, Berango, Igorre eta Portugalete. Beraz, esan liteke garaiz eta tokiz kanpo egoteaz gain guztiz ulertezinak diren era horretako jardueren gorakada eman dela.

PARTEKATU