“Eskuduntzak inbaditzeagatik eta hezkuntzaren kalitatean eman den atzerakadagatik” Euskadi kaltetu duen LOMCE legea atzean uzteko premiatu du EAJ-PNVk

Rosa Peral senatariak hezkuntza sistemaren digitalizazioa behin betiko bultzatzeko eskatu dio Isabel Celaa ministroari.
04 Ekaina | Senatua

Rosa Peralek Isabel Celaa ministroari eskatu dio Hezkuntzako Lege Organikoa aldatzeko Lege Organikoa onartzeko, Wert Legea atzean uzteko."Adostu beharko dugun lehen gauzetako bat da, ezin baitugu itxaron ezta LOMCE legearen arabera jarraitu ere, Euskadiri kalte handia egin baitio eskumenen inbasioarekin  eta hezkuntzan eman den atzerakadagatik, eta gizartearen eta hezkuntza-komunitatearen aldetik hainbeste kexa jaso dituelako", ohartarazi du.

Ildo beretik, EAJ-PNVko senatariak galdetu du LOMLOE legea garaiz onartuko ote  duten datorren ikasturtean aplikatzen hasteko, edo martxan noiz egon daitekeen. Kongresuko lege-proiektuari zuzenketak egiteko fasean murgilduta, Peralek ministroari iradoki dio Konstituzioan eta autonomia-estatutuetan ezarritako eskumenak eta berezitasunak errespetatzeaz gain, "Entzun ditzala uko egin ezin diegun proposamenak, hala nola hizkuntza koofizialak errespetatzea eta berezko hizkuntza duten autonomia-erkidegoek irakaskuntzan komunikazio-hizkuntza ezarri ahal izatea bermatzea".

Eskumen-eremua errespetatzeko eskakizuna behin eta berriz  planteatu zaio ministro andreari, Euskal Taldeak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Batzordean duen ordezkariaren aldetik. Ildo horretan eta beken sistemaren inguruan, Rosa Peral kritiko agertu da Celaa ministro andrearekin; izan ere, PSOEren Gobernuak ez du ekimenik egin Eusko Jaurlaritzaren beken programaren baliogabetzea indargabetzeko, 2016an PPren Gobernuak aurkeztutako errekurtsoaren ostean."Ez dugu aurrekari onik gai honetan, Eusko Jaurlaritzak deitutako beken judizializazioa dela eta; beka horiek duela hiru hamarkadatik ari dira sostengatzen Euskadin diru-laguntza sistema propio baten bidez, bere aurrekontuen kontura eta Hezkuntzan dituen eskumenen arabera", argitu du.

Aurtengo ikasturtea baldintza onenetan amaitzeak ere kezka sortu dio jeltzaleari, eta pandemiak hezkuntza sistemaren digitalizazioa behin betiko bultzatzeko balio behar duela azpimarratu du. Hori dela eta, "Garapenean eta ezarpenean sakontzeko" deia egin du, "Ikaskuntza-metodologia berriak eta gaitasunak eskuratzea erraztuko duten tresna teknologiko berriak txertatzeko, aurrez aurre edo telematikoki". Peralek nabarmendu du eten digitala dagoela, eta ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalen inguruko prestakuntza indartzea eskatu du. "Familiak irakaskuntza birtualerako prest daudela ziurtatu behar dugu, bai arlo operatiboan, bai ekonomikoan". Hala, Eusko Jaurlaritzak eramangarrien lagapena, tableten banaketa eta SIM txartelen banaketa bezalako neurriak hartu dituela gogorarazi du, familia guztiek Interneterako sarbidea izan dezaten.

PARTEKATU