Aitor Estebanek ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko programa sektorial zehatzak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari

Gaurko kontrol saioan, bozeramaile jeltzaleak Industria Ministerioa "apur bat galduta" dagoela kritikatu du, eta Kongresuko Berreraikuntza Batzordea "kaosa" dela eta "balio ez duela” ohartarazi dio Sanchezi
03 Ekaina | Kongresua

Aitor Estebanek, Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, programa sektorialak eskatu dizkio Gobernuko presidenteari, COVID-19aren pandemiaren ondoren ekonomia suspertu eta eraldatzera begira.

Espainiako Gobernuari kontrola egiteko bilkuran, Estebanek deitoratu du Industria Ministerioa “apur bat galduta” dabilela erabakiak hartzerako orduan, eta behin eta berriz “adabaki-lana” egiten ari dela, Europako beste herrialde batzuek, Frantziak eta Alemaniak esaterako, “automobilen sektorean urratsak eman dituzten bitartean”. “Programa zehatzak behar dira, sektore batzuk aipatzera mugatu gabe, baizik eta balio erantsia eskainiko dutenak aukeratuz. Automozioaren sektorea da horietako bat, baita energiarena, aeronautikoa edo makina erremintarena ere”, esan dio Estebanek Sánchezi.

Era berean, bozeramaile jeltzaleak ohartarazi du Kongresuan Berreraikuntzarako eratu den Batzordea "kaosa" dela eta “balio ez duela”. Hala, Estebanek esan du "Autonomia Erkidegoek beren planak aurkezteko aukera" izan beharko luketela, eta Sanchezi eskatu dio Europako funtsen bereizgarri den "gehiegizko burokrazia” arintzeko, "Kudeatzeko ezintasuna ezin baita une honetan onartu". "Ureztatu bai, baina proiektua erein den tokian", esan du Estebanek.

Azkenik, Aitor Estebanek gogorarazi du joan den astean, kontrol saioan, Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak automobilgintzaren sektoreari buruzko galdera bat egin ziola Industria, Turismo eta Merkataritza ministroari, "Nissanen berri izugarria piztu baino egun bat lehenago”. Horren harira, Industria ministroak "gure galderari buruz ezer erantzun ez izana" deitoratu du. "Gatazkak behar al dira plan zehatzak martxan jarriko direla eta norabide horretan urratsak emango direla esateko?", galdetu du Estebanek.

PARTEKATU