EAJ-PNVk susperraldirako 'Von der Leyen plana' balioetsi du, pertsonak helburu dituelako eta adosteko bokazioa txalotzen duelako

Izaskun Bilbao Barandicak oso positibotzat jo du Europako ekonomia suspertzeko plana, gaur eguerdian Batzordeko presidenteak osoko bilkuran aurkeztu duena
EAJ-PNVk susperraldirako 'Von der Leyen plana' balioetsi du, pertsonak helburu dituelako eta adosteko bokazioa txalotzen duelako
27 Maiatza | Europako Legebiltzarra

EAJ-PNVk oso positibotzat jo du gaur eguerdian Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europako ekonomia berroneratzeko aurkeztu duen plana. Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatu jeltzaleak ondorengoak baloratu ditu: planean aurreikusten den zenbatekoa, funtsak erabiltzeko baldintzak, babestuko dituen lehentasun sozialak, ingurumenarekin eta teknologiarekin zerikusia duten alderdiak eta akordioak lortzeko bokazioa."Plan bat da, pertsonak helburu dituena, konfiantza sortzen duelako eta zalantzak uxatzen dituelako. Plana egin da denei entzun ondoren eta adosteko borondatearekin. Orain pilota Kontseiluaren teilatuan dago, Estatuetako Gobernuen teilatuan. Espero dut iraganeko errezetetan soilik sinesten duten Europako lau gobernuak konturatzea bakarrik ez dagoela inor salbatzerik".

Europako euskal diputatuak telematikoki jarraitu du Europako Parlamentuak gaur egin duen osoko bilkuraren aurkezpena, eta sarrera bat argitaratu du bere blog pertsonalean. Bertan nabarmendu duenez, milioika europar beren enpleguen eta etorkizunaren beldur diren une honetan "gure lehentasuna da ziurgabetasun horiek guztiak argitzea. Arazo handi bat dugu. Ezin dugu nahasmena eragin gure artean eztabaidatuaz, akordioak blokeatuaz. Pertsonek laguntza eta konfiantza behar dute. Eta plan honek horiek biak dakartza. Gaur, Ursula Von Der Leyenek, Komisarioen Elkargo osoaren babesarekin, orain arte inor ematera ausartu ez den pausua eman du. 750.000 milioi euroko plana da eta Europako aurrekontuaren babesa dauka. Pertsonen zerbitzura jarri den plana da. Elkarrekin zorpetuko gara krisi hau elkarrekin gainditzeko".

"Nik alderdi politiko batean lan egiten dut, EAJn", gaineratu du Europako diputatu abertzaleak. "Argi daukagu pertsonek akordioak eskatzen dizkigutela, horregatik babesten dut plan hau. Entzutearen eta adostasunak bilatzearen emaitza da. Errealismo eta pragmatismo ariketa bat da. Orain pilota Estatu kideen teilatuan dago. Haiekin negoziatu eta plana onartu behar da. Espero dut krisiari iraganeko errezetekin erantzun dakiokeela uste duten lau gobernuak erabat jabetuko direla bakarrik ez direla salbatuko". Izaskun Bilbao Barandicak planaren xedea goraipatuz esan duenez “planak aurreikusten dituen baliabideek (750.000 milioi euro) eduki sozial indartsua eta iraunkortasunaren eta digitalizazioaren aldeko apustua egingo duen berreskuratze-programa finantzatuko dute". “Errealismotik eta pragmatismotik eraikia da. Europaren ikuspegitik planteatzen du ekonomia berroneratzea. Beraz,denok irtengo gara, edo denok hondoratuko gara".

Europako diputatuak azpimarratu duenez, berroneratze-plana elkartasunean oinarritzen da, "Baina baita Batasunaren eraikuntza ahalbidetu zuten balioetan ere. Bruselatik euro bat jasotzeko, oinarrizko eskubideak eta Zuzenbide Estatua errespetatzeko ibilbide-orria aurkeztu beharko da".

PARTEKATU