Ortuzarrek oposiziokoen erantzuna gaitzetsi du: “Atzo hauteskundeak zentzugabekeria ziren, gaur kanpaina luze eta oldarkorra nahi dute”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gogora ekarri duenez Euskadiko hauteskundeak “bi hilabete barru” egingo dira eta konbentzituta esan du euskal hiritarrek uztailaren 12an berme guztiekin bozkatu ahalko dutela “beraiek nahi dutena”
19 Maiatza | EBB

“Euskadiko oposizioa, atzo, egunetik gauera igaro zen. Lehendakariak iragarpena egin arte, ez zegoen hauteskundeak egiterik, zentzugabekeria hutsa zen. Eta lehendakariak hauteskundeak deitu eta kanpaina normaltasun berrira moldatzeko proposamen xume batzuk egin bezain laster, haserre bizian hasi ziren kanpaina neurrigabea eskatzen, beti bezala”. Andoni Ortuzarrek mahai gainean jarri du gaur Euskadin oposizioan dauden alderdi nagusiak erori diren kontraesana Urkullu Lehendakariak atzo bertan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12rako deitu eta berehala. Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak konbentzituta esan du egun horretan euskal hiritargoa “nahi duena bozkatzera” joango dela eta “nahi duena” bozkatuko duela. “ Gizarteari eman egin behar zaio nahi duena esateko aukera, eta nahi duen horren barruan, aukera guztiak daude”.

Ortuzarrek aitortu du “etsituta” dagoela Euskadiko oposizioarekin “ez dute jakin egoera honek eskatzen duen mailan egoten. Gaurkoa moduko egoera konplikatu batean, ezin da horrelako umekeriak egiten ibili ` orain ezin dira hauteskundeak egin´ esanez. Hauteskundeak egin behar dira. Hauteskundeak, lehenengo eta behin, hiritargoaren eskubidea dira, eta hiritargoari ezin zaio bere eskubidea bahitu. Eta, bigarrenik, erakundeek benetan zeregin garrantzitsua daukate orain datorkigunarekin, hau da, osasun arloko berme guztiak egon daitezela eta hurrengoan, halakoak gertatzekotan, hobeto prestatuta egon gaitezela; eta baita, oso garrantzitsua da gaur egungo krisi ekonomikotik eta enpleguen galera handi honetatik irten ahal izatea. Erakunde sendoak behar dira hori dena lideratzeko. Oposiziokoen erantzuna bada `Ah, baina hori tokatzen denean, beste momentu batean, orain ez´, oso etsigarria da” baieztatu du. Ortuzarrek gogora ekarri du hauteskundeak ez direla aste honetan izango, baizik eta “bi hilabete barru”, egoera “hala espero dugu behintzat” guztiz desberdina denean, hobea. “Kalean topatzen dudan jendeak ez dit hauteskundeez hitz egiten, ez onerako ezta txarrerako ere. Beren gauzez hitz egiten didate, egoera honetatik ea nola irtengo garen….. Ni bizi naizen eskualdean langileak dira nagusi, ABEEE baten mende dauden pertsonak… Hori da gure gizartea osatzen duen jendea, eta seguru nago uztailean bozkatzera joango direla, eta nahi dutena bozkatuko dutela , eta abstentzioa bozkatu nahi duenak , hala egingo du, zilegi da. Gizarteari utzi behar diogu nahi duena esaten, eta nahi duen horren barruan daude aukera guztiak”.

Ortuzarrek baieztatu du EAJ-PNV prest dagoela gaurko egoeraren araberako hauteskunde kanpaina egiteko, baina oposiziokoen aldetik ez du jarrera hori antzematen. “ EAJ prest egongo da indar politiko guztiekin hitz egiteko, kanpaina gaur egungo egoerara moldatzeko. Kanpainaren iraupena murriztu genezake, ekitaldiak nola egingo ditugun adostu genezake jende multzoak batzea saihesteko …. Aukera asko daude Kanpaina gaur egungo egoerara moldatzeko. Behar dena da borondate politikoa alderdi guztien aldetik. Beren jarrera aldatuko ahal dute, baina atzo ez nuen borondate hori ikusi, bereziki Bildu, Podemos eta PPren aldetik. Ez zuten ezkutatu ahalik eta kanpainarik klasikoena egin nahi dutela, eta nire sentsazioa izan zen ahalik eta oldarkorrena egin nahi dutela”.

Azken egunotan Batzokiek eta Herriko Etxeek pairatu dituzten erasoen aurrean, EH Bildu isilik geratu dela nabarmenduz egin dioten galderari erantzunez, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du: “Bildu, txioekin horren arina dena eta adierazpenetan horren oldarkorra dena, isilik geratu da gertakari horien aurrean, eta ez dakit izango ote den ezin duelako hitz egin edo ez duelako pentsatzen duena esan nahi.Edozein kasutan, denbora bukatzen ari zaio: Bilduk bere jarrera erakutsi behar du eraso horien aurrean. Ezin da banalizatu `pintada bat da´ esanez. Ez, ez da pintada bat. Horren atzean totalitarismoa dago,hurkoa beldurrarazteko asmoa dago, gutxieneko arau demokratikoak eta aurkari politikoa errespetatzen dela erakusten ari baitira. Bilduk jarduera horiekin zerikusirik ez badu, eta hala espero dut eta uste dut, esan dezala eta ez ditzala babes modura erabili. Pintada horiek gauez egin dira eta itxialdia urratu dute baina ez auzokoei laguntzeko baizik eta faxismoaren erakustaldia egiteko, ideologia sasi-abertzalearekin izan arren”.

Bihar bertan Gobernu zentralak Diputatuen Kongresura alarma egoera luzatzeko eramango duen dekretuaren bozketan talde jeltzaleak egingo duenaz galdetuta, buruzagi abertzaleak baieztatu duenez “guk oraindik ez daukagu behin betiko testua. Hurrengo 24 orduetan erabakiko dugu. Denbora daramagu ohartarazten alarma-egoera honek ez daukala zentzu handirik eta aldatu beharra dagoela. Profil baxuko alarma-egoerara joan behar dugu, ´low cost´ batetara, eta bereziki autonomietako sistema instituzionalera bideratuta. Espero dugu gure aldarrikapenak Pedro Sánchezen Gobernuak aintzat hartzea. Irtengo den alarma-egoerak ahalik eta indarrik txikiena izatea nahiko genuke eta apurka-apurka ahalik eta normaltasun politiko eta instituzionalera itzul gaitezela”, amaitu du.

PARTEKATU