Euskadiko Hauteskundeak "ahalik eta berme sanitario eta demokratiko handienak" eman bezain laster egitea aldezten du EAJ-PNVk

Andoni Ortuzarrek Jaurlaritza berria albait arinen eratu ahal izatea aldezten du, Euskadik osasun alorrean, zerbitzu publikoetan, ekonomian eta enplegu alorrean berreraikitze lanetan planteatuko zaion erronka erraldoiari ahalik eta indar handienarekin ekin diezaion
14 Maiatza | EBB

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, argi eta garbi azaldu du EAJ-PNVren jarrera Urkullu Lehendakariak gaur bertan Vitoria-Gasteizen Euskadiko alderdi politikoekin koronabirusaren krisiak atzeratu zituen Euskadiko hauteskundeei buruzko hausnarketaren gainean egin duen bilera amaitutakoan. “Euzko Alderdi Jeltzaleak, duela 15 egun planteatu eta defendatu zuenaren ildo beretik, Lehendakariari berriz ere eskatu dio hauteskundeak osasun sanitario eta demokratiko gorenekin egin daitezela eta, baldintza bi horiek behin bermatuta, hauteskundeak albait arinen egin daitezela”, baieztatu du jeltzaleen buruak EAJren jarrera azalduz. “Lehenengo eta behin, uste dugulako Euskadik albait arinen Jaurlaritza eta Legebiltzar indartsuak behar dituela koronabirusaren krisiak ekarriko dituen ondorio kaltegarriei aurre egiteko eta berreraikitzeko erronka erraldoiari heltzeko, osasun zerbitzuetan, zerbitzu publikoetan eta, oro har, ekonomian eta enpleguan. Baita, aditu guztiek esaten digutenez, litekeena delako udazkenean, irailean edo urrian, birusaren berragertzea ematea eta uztailean izango duguna baino egoera okerragoan egotea”.

Ortuzarren aburuz, gaur goizeko topaketa izan da “duela 15 egun izan genuenaren jarraipena, baina mahai gainean orduan baino datu argiagoak izan ditugu pandemiaren bilakaeraz eta Euskadiko egoera sozial eta ekonomikoaz. Osasun arloko txostenak, agiri juridikoak eta hauteskunde prozesuei buruzko dokumentuak ere planteatu zaizkigu alderdi bakoitzak bere iritziak eman ditzan hauteskundeak egin beharko diren garaiaz”. Informazio berriak berretsi egin du alderdi jeltzaleak lehenagotik izan duen irizpidea hauteskundeak uztailean egiteko,baldin eta ordurako berme sanitario eta demokratiko gorenak ematen badira.

Kazetariek egin dizkioten galderei erantzunez, Ortuzarrek Arnaldo Otegiri erantzun nahi izan dio Ezker Abertzaleko buruak EAJ-PNVri eta Urkullu Lehendakariari interes partidista eta elektoralak egotzi ondoren. “Bilduk asmo elektorala dugula aurpegiratu digu, baina bere jarreraren atzean bai dago argi eta garbi jarrera berekoi eta partidista. Bildu bere kalkulua egiten ari da `zenbat eta okerrago, niretzat orduan eta hobeto´, pentsatzen baitu udazkenean inguruabar are okerragoak emango direlako osasun eta ekonomia alorrean eta, horrela, Eusko Jaurlaritza eta Lehendakaria lan horretan erre egingo direla pentsatzen duelako. Guk ez dugu inor erre nahi, bilatzen dugun gauza bakarra da egoera honetatik albait arinen irtetea eta ahalik eta ondoen eta denok elkarrekin egitea. Horretarako behar ditugu Eusko Jaurlaritza indartsua eta Jaurlaritzaren jarduna kontrolatuko eta babestuko duen Legebiltzar sendoa. Eta hori lortzen da hauteskundeak albait arinen eginaz”, baieztatu du buruzagi abertzaleak.

PARTEKATU