“Bi hilabetetan Autonomia Erkidegoekin birritan soilik batzartu izana” deitoratu dio Gorospek Garzón Ministroari

“Deigarri iruditzen zait zure Ministerioak, oraingoa moduko krisi egoera batean, birritan soilik batzartu izana kontsumo gaietarako eskudun diren erakundeekin”, nabarmendu du Euskal Taldeko diputatuak
11 Maiatza | Kongresua

Josune Gorospek, Euskal Taldeko diputatu eta Osasun eta Kontsumo gaietarako bozeramaileak, Alberto Garzón Ministroari deitoratu dio gaur azken bi hilabetetan “Autonomia Erkidegoekin bi bilera besterik egin ez izana”.

Osasun eta Kontsumo Batzordearen bileran, Alberto Garzónen agerraldian, Euskal Taldeko diputatuak deitoratu duenez “gaur egun bizi dugun krisi testuinguru batean, produktuen alertak egin direnean, espekulazio giro batean ezarri diren prezioekin eta egin diren gehiegikeriekin, eta gai horren koordinazioa Ministerioaren eskumenekoa izanik” bi bilera baino ez dira egin “kontsumo alorrean eskuduntza dutenekin”. “Deigarria da, eta ez dakit azalpenik ote dagoen”, esan du diputatu jeltzaleak.

Era berean, Gorospek zenbait galdera egin dizkio ministroari produktu erdisanitarioei buruz eta, zehazki, maskarei buruz eta pandemian egon den "merkatu basatiaren testuinguruari" buruz, maskara akastunen inguruan gertatu dena ikusita. Zentzu horretan, Gorosperen esanetan, euskal administrazioak "ausardiaz, adorez eta erantzukizunez" jokatu zuen Espainiako Gobernutik jasotako maskara batzuk akastunak zirela edo eskatutako iragazki baldintzak betetzen ez zituztela ohartzean, maskarak erretiratu eta alerta bat zabaldu baitzuen. Horren harira, diputatu jeltzaleak Garzoni galdetu dio "zenbat alerta jaso dituzten, nondik zetozen eta zer neurri hartu dituzten maskara horien erabilerak osasun publikoan izan dituen ondorioak saihesteko".

Amaitzeko,Esparru judizialean ematen ari den “botila-lepoa” dela eta, pandemiaren ondorioz kontratuak ez betetzeak dakartzan arazoak Autonomia Erkidegoetan dauden eta Europako Batasunak egiaztatzen dituen arbitraje batzordeen bidez arautzea eta ebaztea proposatu du Gorospek.

PARTEKATU