Unidas Podemos, ERC, Junts, EAJ-PNV, EH Bildu, Más País, Cup, BNG eta Compromis alderdiek izenpetu duten adierazpenean Gobernuari eskatu diote askatasun-gabetzearen alternatibak bilatzea presoen osasun eskubidea bermatzera begira

COVID-19ak sortarazi duen pandemiak eragindako osasun-krisia espetxeetan dauden pertsonengan eragin handia izaten ari dela jakitun, Unidas Podemos, ERC, Junts, EAJ-PNV, EH Bildu, Más País, Cup, BNG eta Compromis alderdiek adierazpen bat sinatu dute, 'Askatasunaz gabetuta dauden pertsonen eskubideen errespetuaren alde' izenekoa, Espainiako Gobernuari beren kezka helarazteko eta preso dauden adineko pertsonak eta COVID-19aren aurrean kalteberak izan daitezkeen pertsonak espetxetik ateratzeko neurriak eskatzeko
Unidas Podemos, ERC, Junts, EAJ-PNV, EH Bildu, Más País, Cup, BNG eta Compromis alderdiek izenpetu duten adierazpenean Gobernuari eskatu diote askatasun-gabetzearen alternatibak bilatzea presoen osasun eskubidea bermatzera begira
11 Maiatza | Kongresua

Nazioarteko erakundeen gomendioei jarraiki, hala nola OMEren edo Europako Kontseiluaren gomendioei jarraituz, manifestuaren sinatzaileek askatasunaz gabetzearen ordezko neurriak martxan jartzea eskatzen dute, besteak beste, presoak espetxetik ateratzea eta hurbiltzea, presoen eta senideen arteko komunikazioak ahalbidetzea, birusa espetxe barruan zabaltzea saihesteko diagnostiko azkarrak egitea eta talde ahulei edo arrisku-taldeei arreta medikua bermatzea,hau da, adin nagusiko taldeei edo aldez aurretik patologiak dituztenei.

Manifestua sinatu duten talde politikoek ez dituzte auzitan jarri Barne Ministerioak espetxeetako kutsatzeak geldiarazteko eta birusaren hedapena saihesteko hartutako neurriak. Hala ere, nabarmendu dute erabat "lehenetsi beharrekoa" dela are neurri zorrotzagoak hartzea "presoak gune osasuntsuagoetan eta arreta eta zaintza baldintza profilaktiko eta egokietan egon daitezen".

Ekimenaren bultzatzaileek Espainiako Gobernuari eskatu diote, nazioarteko erakundeen gomendioak betez, presoak espetxetik ateratzeko neurri egokiak hartzeko, bereziki COVID-19aren aurrean kalteberatasun berezia dutenak: hau da, aldez aurretik patologia serioak dituzten presoak, gaixotasun kronikoak dituztenak edo adinagatik- 65 urtetik gorakoak- are egoera larriagoan daudenak edo pandemian kutsatzeko arrisku-taldeak osatzen dituztenak.

Idatziarekin bat egin duten alderdi politikoen iritziz, neurriak aplikatu beharko lirateke "delituaren tipologiatik edo larritasunetik eratorritako inolako salbuespenik gabe", kondenaren hiru laurden bat bete duten presoak espetxetik ateratzeko, delituan berrerortzeko arrisku handirik ez dutenak eta/edo gizarteratzeko aldeko pronostikoa dutenak eta "gainerako hiritarren baldintza berberetan” itxialdiaren mende jarri ahal izateko familia-baliabideak edo hurbileko gizarte-ingurunea dituztenak.

Horretarako, ezinbesteko jotzen dute Osasun, Justizia eta Barne Ministerioen arteko koordinazioa, espetxeko babes-neurriak orokortzeko, prebentziozko sintomak eta diagnostiko azkarrak aztertzeko, eta sare publikoko ospitaleetara bideratzeko COVID-19ren sintomak dituztenak edo positibo ematen dutenak.

Era berean, krisi sanitarioak irauten duen bitartean, presoei informazioa jasotzeko eskubidea bermatzeko eskatu dute, pandemiaren garapenari eta pandemiaren hedapena prebenitzeko eta geldiarazteko hartutako neurriei buruzko informazio eguneratua eta eskuragarria eskainiz. Ildo horretan, komenigarria iruditzen zaie barneratuen eta senideen artean komunikazio ez-presentziala izateko aukera zabaltzea, telefono-deien doakotasuna barne, eta bideo-deiak egiteko aukerak zabaltzea egungo gaixotasunen edo familia-larrialdien murrizketetatik harago.

Azkenik, Espainiako Gobernuari eskatu diote behar besteko neurriak har ditzala deseskalatze fasean presoek familiekin eta abokatuekin zuzeneko komunikazioak berriz egiteko aukera izan dezaten. Era berean uste dute urrats sendoak eman behar direla hala eskatzen duten preso guztiak euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara "hurbiltzeko", urruntzea "presoen komunikazioak normalizatzeko beste eragozpen bat" dela iritzita.

Lekualdaketa etxetik urrunen dauden presoekin eta seme-alaba adingabeen gurasoekin hasi beharko litzateke, beste garraio-mota batzuen antzeko higiene- eta segurtasun-neurriak errespetatuz,betiere, eskari hau izenpetu duten alderdien aburuz.

PARTEKATU