Urkullu Lehendakariak adierazi du etorkizuna Europar Batasunak pandemiari ematen dion erantzunaren mende dagoela

Iñigo Urkulluk “ikuspegi zabala” eskatu du erronka berriei aurre egiteko. Adierazpen hori Robert Schuman-en Adierazpenaren urteurrenaren harira egin ditu —adierazpen hori Europa berriaren oinarritzat jotzen da—.
Urkullu Lehendakariak adierazi du etorkizuna Europar Batasunak pandemiari ematen dion erantzunaren mende dagoela
09 Maiatza | Eusko Jaurlaritza

Lehendakariak adierazi duenez, Covid-19aren pandemiak gizarteak astindu ditu eta gizarteen erantzuna probatzen ari da, eta lehendakariak ziurtatu du “gure etorkizuna” Europar Batasunak ematen duen erantzunaren araberakoa izango dela.

Robert Schuman-en Adierazpenaren 70. urteurrenaren harira, Iñigo Urkulluk “ikuspegi zabala” eskatu du pandemiaren erronkei eta horren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, eta, aldi berean, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta inklusiboa berreskuratzearen alde egin du, baita demokrazia liberala eta gobernu "deszentralizatuak eta herritarrengandik hurbil daudenak" defendatzearen alde ere.

“Gaur integrazio-proiektuaren sortze-printzipioak berreskuratzea eskatzen dugu, Schuman-ek eta Agirre lehendakariak defendatu zuten bezalaxe”, adierazi du gaur argitara emandako Adierazpenean.

Lehendakariak aditzera eman du Euskadik bere ekarpena aurkeztuko diola “Europar Batasuna Lehengoratzeko Planari”, “Europaren etorkizuneko ikuspegiarekin” egin zuen moduan. Giza Garapen Jasangarrian oinarritutako hazkunde humanistarako, sozialerako eta inklusiborako proposamena egingo du.

“Euskadik konpromisoa hartzen du aurrerabidearen eta justizia sozialaren printzipioetan oinarritutako Europarekin, Europaren etorkizunak zehaztuko baititu Euskadiren etorkizuna eta biharko munduan izango dugun posizioa”, erantsi du.

PARTEKATU