ETEen digitalizazioan berrikuntza sustatzea eskatu du Rosa Peralek, etxealdian beren jarduera bermatzen lagunduko zuela nabarmenduz

EAJ-PNVko senatariak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntza deialdi batzuk berriz aztertzeko eskatu dio Pedro Duqueri, "Ez baita kontuan hartzen Euskadiko teknologia zentroen berezitasuna".
ETEen digitalizazioan berrikuntza sustatzea eskatu du Rosa Peralek, etxealdian beren jarduera bermatzen lagunduko zuela nabarmenduz IKUSI BIDEOA
07 Maiatza | Senatua

Rosa Peralek Zientzia eta Berrikuntzako Ministroari adierazi dio enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza sustatu behar dela,  alarma-egoeran halako askok ezin izan dutelako beren jarduerarekin jarraitu, beren digitalizazio-maila nahiko baxua delako. "Konektibitate masiboak, gauzen Internet-ak, adimen artifizialak, beste enpresa askotan ezarritako robotizazioak industria sektorean telelan administratiboa eta produktiboa egiteko aukera eman dute, baita itxialdi garai honetan jardueraren jarraipena ere", gaineratu du EAJ-PNVko senatariak.

Zientzia eta Berrikuntza  Batzordean, Pedro Duqueren agerraldian, bozeramaile jeltzaleak azaldu ditu hobekuntza hauek beste sektore batzuetan, justizian, hezkuntzan, osasunean eta abarretan ekarriko lituzketen onurak. “Teleasistentziak, espedienteen kudeaketa digitalak, urrutiko prestakuntzak eta horren beharrezko dugun zibersegurtasunak masiboki ezarri gabe jarraitzen dute edo ez daude eskuragarri pertsona guztientzat. Ez gara soilik digitalizazioaz ari,baizik eta baita eraldaketa digitalaz ere”. Horregatik nabarmendu du I+G+B sektorea babestu beharra dagoela teknologiak martxan jartzeko “hurrengo ernealdi edo pandemietan sektore ekonomikoan,hezkuntzan eta arlo sozialean geldialdiak gerta ez daitezen”. Peralek gaineratu du horrek lagunduko lukeela “kontziliazioa hobetzen eta ibilgailuen zirkulazioa,kutsadura eta zarata murrizten”.

Euskadik I+G+B sektoreari gizartearen aurrerabiderako eta enpresen lehiakortasuna handitzeko palanka gisa ematen dion garrantzia azpimarratu ondoren, senatari jeltzaleak Pedro Duqueri adierazi dio Ministerioaren zenbait laguntza-deialditan "ez dela kontuan hartzen Euskadiko teknologia zentroen berezitasuna, duten dimentsioagatik eta osaeragatik, eta ez direla beti bikaintasun zientifikoaren irizpideak erabiltzen".

Beste alde   batetik, Peralek egiaztatu du Inteligentzia Artifizialak berebiziko garrantzia duela koronabirusaren portaera eta kutsatze-ereduak aurreikusteko borrokan. Hala ere, Gobernu zentralak ezarritako aginte bakarrak autonomia erkidegoetan tresna horrek behar dituen datuak biltzeko irizpide argiak ezartzerakoan denbora galtzea ekarri duela deitoratu du. "Harago noa, datu-bilketak argi eta garbi sistematizatuta beharko zukeen Europa mailan eta mundu mailan; pertsonen, garraioen mugimenduen datuak, kontsumoen datuak eta beste informazio batzuk lagungarriak izan litezke IAren aplikazioaren bidez birusa kontrolatzeko neurririk eraginkorrenak zehazteko".

Zentzu horretan, senatariak Gasteizen abian jarri den proiektu pilotuari balioa eman dio, kasu berriak baieztatzen hasi aurretik COVID-19aren berragerpenak berriro detektatu nahi baititu hondakin-uren analisiaren bidez. Arabako hiriburuko Udalak koordinatuta, EHUko Farmazia Fakultateko, Osakidetzako, Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuko eta Arabako Foru Aldundiko ikertzaileek parte hartu dute ekimenean.

PARTEKATU