Osasun arloko aurreikuspenak aintzat hartuta eta krisia kudeatzera begira Jaurlaritza eta Legebiltzar sendoak beharko direla gogoan, EAJ-PNVk hauteskundeak uztailean egitea proposatzen du

Urkullu Lehendakariak Euskadiko alderdi politikoekin gaur goizean Gasteizen egin duen bileran, ondorengoa da EAJ-PNVk defendatu duen jarrera:
Osasun arloko aurreikuspenak aintzat hartuta eta krisia kudeatzera begira Jaurlaritza eta Legebiltzar sendoak beharko direla gogoan, EAJ-PNVk hauteskundeak uztailean egitea proposatzen du
30 Apirila | EBB

1) Gogora ekarri dugu bozkatzea dela hiritargoaren funtsezko eskubideetako bat eta, beraz, botoa eman ahal izatea bermatu beharra dugula: ezin da eskubide hori eperik gabe, ‘sine die’, bertan behera utzi edo bahitu. Eta eskubide horren epemuga urrian amaituko da. Gustuko izan zein ez, hauteskundeez hitz egin beharra dago.

2) Adituen arabera bi aukera egon daitezke horretarako: uztaila edo irailaren amaiera-urriaren hasiera. Data bi horiek osasun arloko ziurgabetasun berberak planteatzen dituzte gaur egun. Halaber, adituen arabera, litekeena da udazkenean birusa berpiztea, mota horretako birusa urteko sasoi horretan berpiztu ohi delako.

3) EAJ-PNVren aburuz, hauteskundeak uztailean egin beharko lirateke. Osasun arloko adituek egin dituzten aurreikuspenak aintzat hartuta, eta gaur egungo egoerak eskatzen duelako ahalbait arinen Jaurlaritza eta Legebiltzar sendoak izatea erabakiak minutu bakar bat ere galdu gabe hartzeko moduan egon daitezen. Uztailean bozkatzeak lagunduko luke abuztuan Eusko Jaurlaritza eratzea, irailaren 1ean bertan behar besteko neurriak har ditzan Euskadik behar duen berreraikitze ekonomiko eta soziala abian jartzera begira. Urrian bozkatzen badugu, neurri horiek hartzeko unea atzeratuta geratuko litzateke, urrezko jotzen dugun denbora galduta.

Lehendakariak eta Euskadiko alderdi politikoek adostu dugu hemendik eta maiatzaren 14era arte esandakoaren gaineko hausnarketa egitea.

EAJ-PNVren aldetik planteatzen dugu aldi honetan lan egitea osasun aldetik eta alderdi demokratikoak hauteskundeak berme guztiekin egin ahal izateko arauak eta neurriak adosteko. Era berean, uste dugu hauteskunde kanpainak eta alderdi politikoen jarduerak gaur egungo osasun errealitatera moldatu beharra izango dugula, denboretan eta formetan.

PARTEKATU