Barandiaranek Diaz ministroari ohartarazi dio "desegokia" dela "alarma egoera baliatzea parlamentuan ohiko tratamendua behar duten neurriak aurkezteko"

Kongresuko Lan Batzordean, Euskal Taldeko diputatuak "alarma-egoeraren ondorioz hartutako salbuespen neurrien balio-epea eta bermeak hobeto zehaztea" proposatu du, ABEEEn kasuan bezala
21 Apirila | Kongresua

Iñigo Barandiaranek, Euskal Taldeko diputatu eta Kongresuko Lan Batzordeko bozeramaileak, Yolanda Diaz ministroari ohartarazi dio "desegokia" dela "alarma egoera baliatzea neurri batzuk aurkezteko, gaitz endemikoetarako irtenbide gisa, nahiz eta gai horiek parlamentuan ohiko prozedura bidez jorratu behar diren".

Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak Kongresuko Lan Batzordean hitz egin du gaur, eta Barandiaranek nahasmena adierazi du Diazen hitzak entzun ostean, koronabirusaren pandemia arintzeko ezohiko neurriak babes sistema arrunten araubidearekin lotu nahi dituelako."Ez diot kentzen bere alderdiaren programa politikoa edo bere gobernu-koalizioarena ezartzeko eskubidea, edo gai horri buruzko lege-proiektu moduan planteatzeko eskubidea, baina edozein sistema arrunt, baita babes sozialarena ere, Parlamentuko eztabaidaren bidez bideratu behar da", argitu du.

Bestalde, diputatu jeltzaleak bat egin du Espainiako Gobernuak enplegu maila babesteko hartu dituen neurriekin, baina "salbuespen neurri horien balioa eta bermeak hobeto zehaztea" eskatu du, ABEEEekin gertatzen den bezala.

Azkenik, eta EAJ-PNVk aurkeztutako kexen ildotik, Iñigo Barandiaranek kritikatu egin ditu Espainiako Gobernuaren aldetik ematen ari diren "gehiegikeriak", "eskumen-esparrua errespetatzearekin bateraezinak direlako".Besteak beste, Autonomia Erkidegoetako politika aktiboetarako funtsak kentzea "akats politikotzat" jo du Euskal Taldeak.

PARTEKATU