Koronabirusaren aurrean Europako Parlamentuak erantzun sozial arin eta sendoa bultzatu izana balioetsi du EAJ-k

Europako Parlamentuko euskal diputatuak balioetsi du Europako Parlamentuak gaur bertan koronabirusak eragin duen krisialdiari aurre emateko erantzun sozial,arin eta sendoa onartu izanak. Gaurkoa izan da Europako Parlamentuak bere historian eman duen erantzunik sendoena. Euroganberak gaur hartu duen erabakiarekin bultzatuko du eurobonoak jaulkitzea, Batasunetik hiru bilioi euro mugiaraziko dituen plana eta “pertsonak osasun arazoetatik, larritasun sozial eta ekonomikoetatik erreskatatu beharraz” hitz egiten duen ibilbide orria abian jartzea, aurreko krisietan austeritateari buruzko diskurtsoak nagusitu ondoren. “Suspertze ekonomikorako programak zuzentzera begira Europako akordio berdearen printzipioak aplikatzea oso albiste ona da”
Koronabirusaren aurrean Europako Parlamentuak erantzun sozial arin eta sendoa bultzatu izana balioetsi du EAJ-k
17 Apirila | Europako Legebiltzarra

Europako Parlamentuko euskal diputatuak Bermeotik parte hartu du gaur Europa mailako hainbat legeren aldarazpena, hainbat sektoreri babesa emateko programak eta horiek abian jartzeko aurrekontuak onartu diren Europako Parlamentuko Bilkuran, krisiari aurre egiteko orduan eskura dituen baliabideak eraginkortasunez erabiltzera begira. Halaber,suspertze plan baten ildo nagusiak jasotzen dituen ebazpena onartu da “eta horren bidez Europako gobernuei bidali diegu euro-bonuen jaulkipenaren aldeko mezu argia, elkarrekin zorpetu gaitezen eta elkarrekin ordain ditzagun pandemia gainditzera begira abian jarriko ditugun programa sozial eta ekonomikoak. Alderdi sozial nabarmena duen programaren alde agertu gara, euro-bonuak baliatuz suspertze planak finantzatzeko, SURE programaren bidez 100.000 milioi eurorekin Europako Parlamentutik langabeziaren kontrako borroka bultzatzeko eta autonomoei eta ekintzaileei laguntzeko. Lorpen historikoa da, politiken orientazioagatik zein erabakiak hartzen ari diren abiaduragatik”. Ebazpena onartu da aldeko 395 botorekin eta kontrako 171 botorekin (azken hauek izan dira hemizikloan mutur banatan kokatuta dauden indarren batura). 128 diputatuk abstentzioa bozkatu dute.

Euskal diputatuak gogoratu duenez Europako Parlamentuak ezin du bere kabuz halako ezer erabaki, erabakiak hartzeko ahalmena Europako Kontseiluarekin partekatzen duelako, estatu kideetako gobernuak biltzen dituen erakundearekin,alegia. Erakunde honek erabakitzen ditu “Urte anitzeko finantza markoa” (Batasunak hurrengo zazpi urteetarako izango duen “gastu muga”) eta aurrekontuak. “Mezu argi baino argiagoa bidali diegu jarrerarik uzkurrena duten gobernuei, hiru gauza uler ditzaten: krisi global baten erdian gaudela eta erantzun globala ematea eskatzen duela, denoi eragiten digula eta suspertzea denon artean ordaindu beharko dugula eta egoera honetatik ateratzeko orduan lehentasun nagusia pertsonak direla. Osasun arazoak, osasun sozial eta ekonomikoak gainditzen lagundu behar diegu, eta hori da Europako Batasuna sortzen lagundu zuten baloreen adierazpenik argiena”.

Izaskun Bilbao Barandicak berretsi du gaur egun bizi duguna moduko egoera batean “drama pertsonal ikaragarriekin eta orain arte sekula eman ez den atzeraldi ekonomikoaren mehatxuarekin, elkarlanaren balioa nabarmendu behar dugu eta denon artean lortzen ari garen gauzak ospatu behar ditugu. Krisiaren erdian gaudela ez da hika-mikan aritzeko garaia, elkarlanean aritzekoa baizik. Oso gutxi genekien gaixotasun honi buruz, aurre egiten ikasi behar izan dugu eta pandemia gainditzen ari gara. Etorriko da ondo eginak eta txarto eginak aztertzeko garaia, eta bereziki haiengandik ikastekoa. Oso gutxik jakin zuten tragedia honi aurrea hartzen,bereziki gehien kritikatzen dutenek. Ez da lagungarria agerian egon diren gauzak nabarmentzea, besteak beste NBEak falta izan direla edo test gehiago egin beharko liratekeela. Balio duena da bakoitzak bere aldetik jartzea, ideiak eta irtenbideak planteatzea arazo horiek konpontzeko. Eta gehien kritikatzen ari direnak ez dira halako ezer eskaintzen ari”.

Amaitzeko, Europako diputatu jeltzaleak Euskadiko hiritargoa deitu du etorkizunari itxaropenez begiratzea eta autoestimuari eta elkarrekin lan egiteko gaitasunari eustea “horixe izan delako gauden egoerara ekarri gaituena”. Bilbaok gogora ekarri duenez laurogeigarren hamarkadan “denon artean lortu genuen hondamendi industrialetik ateratzea eta herri hobea eraikitzea. Laurogeita hamargarren hamarkadan beste krisialdi bat gainditu genuen eta,denon artean, 2008ko krisialdia gainditzekotan geunden. Oraingo honetan berdin gertatuko da.Jendeari eskatu nahi diot gogoan hartzea krisi hau hasi genuela egoerarik larrienarekin eta lehenengoetakoak izan garela erreplikatze eta kutsatze-mailak jaisten.Hobeto egin dezakegu,zalantzarik gabe, gauzak askoz hobeto egin ditzakegu, baina erantzun arina eta zuzena eman dugu. Egunero daukat beste herrialde eta erregioetako jendearekin hitz egiteko aukera, eta egoerak alderatu ahal ditut. Euskal gizartea harro egon daiteke krisi honi ematen ari zaion erantzunarekin. Eta, aurrekoetan gertatu zen bezala, historiak erakutsiko du onenen artean egon garela. Autokritika bai, baina baita konfiantza eta autoestimua ere”.

PARTEKATU