Urkullu Lehendakariak "Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana" iragarri du

Planaren oinarria da normaltasun-ohiturak pixkanaka berreskuratzea, hiru baldintza errespetatuz: pertsonen taldekatze fisikoa murriztea, maskarak erabiltzea hurbiltasun-egoeretan, eta higiene pertsonaleko eta espazio partekatuak garbitzeko neurriei eustea
Urkullu Lehendakariak
17 Apirila | Eusko Jaurlaritza

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordearen bileraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakaria prentsaurrekoan agertu da, bide telematikoz, Osasun Sailburu Nekane Murgarekin batera.

Iñigo Urkullu lehendakariak "Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana" iragarri du. Plan hori Espainiako Gobernuarekin, foru-aldundiekin eta Eudelekin partekatu behar dela, eta osasun-agintariek ezarritako mugek baldintzatuko dutela nabarmendu du. Muga horien oinarria OMEren Europako Adituen Taldearen jarraibideetan oinarritzen da.

Hala, plana pixkanaka normaltasunera hurbiltzen duten ohiturak berreskuratzean oinarrituko dela azaldu du, eta hiru baldintzaerrespetatu beharko dituela:

  • Pertsona-taldeak mugatzea bi metroko distantzia errespetazen ez denean;
  • Pertsonen arteko hurbiltasun fisikoko egoeretan maskarak erabiltzea; eta
  • Norberaren higienerako eta espazio partekatuen garbiketarako neurriak mantentzea.

"Pandemia erabat gainditu dela bermatzeko behar den denboran eutsi beharko zaie hiru baldintza horiei. Guztiok ohitu beharko dugu arduratsuak izaten ", zehaztu du Urkulluk.

Era berean, Lehendakariak jakinarazi du, duela hamabost egun aurreratu zuen bezala, Espainiako Gobernuko presidenteari lehentasunezko deskonpresiorako neurri sozial eta ekonomiko batzuk martxan jartzea proposatuko diola.

Aste honetan hasi da lantokietara pixkanakako itzulera. Lehendakariak balioa jarri du akordioa lehenetsi dela enpresen barruan, eta ezarritako prebentzio- eta segurtasun-protokoloak errespetatu direla.; gainera, adierazi du ia ez dela salaketa edo gorabehera aipagarririk izan. "Elkarrizketa Sozialaren bideak erakutsi du emankorra dela, eta Jaurlaritzak erne zainduko du bete beharreko protokoloak beti errespetatzen direla. Osasuna eta enplegua bateragarriak direla frogatzen ari da ", adierazi du.

"Datozen hilabeteetan normaltasuna berreskuratzeko baldintza izango da segurtasun-, higiene- eta urruntze-neurri zorrotzak modu kolektiboan eta indibidualean betetzea", amaitu du lehendakariak.

Bestalde, Osasun Sailburu Nekane Murgak Euskadiko koronabirusaren egoeraren datu eguneratuen berri eman du.

PARTEKATU