Aitor Estebanek baieztatu du EAJ-PNVk baiezkoa bozkatuko duela alarma-egoera luzatzeko bozketan, Espainiako gobernuaren aldetik hasiera bateko “agintekeria” zuzendu dela antzeman ondoren

Bozeramaile jeltzaleak, alabaina, era berean kritikatu du Exekutibo zentrala “elefante bat ontzi-denda batean bezala” aritu dela Autonomia Erkidegoen enplegurako politika aktiboak kentzean, eta bere buruari galdetu dio Moncloako Itun berriak “zunda globoak” ote diren
07 Apirila | Kongresua

EAJ-PNVko sei diputatu jaun-andreek baiezkoa bozkatuko dute datorren osteguneko bilkuran alarma-egoera luzatzearen inguruan egingo den bilkuran. Hala baieztatu du gaur goizean Aitor Estebanek TVEn egin dioten elkarrizketan. Estebanek baieztatu du gauden egoeran “itxialdiarekin jarraitu behar dela”, baina aldi berean aitortu du “hobekuntzaren bat” antzeman dela eta Espainiako gobernuak hasierako “agintekeria” zuzendu duela.

Hain zuzen ere, Estebanek esan du aldebakartasun honen adibidea izan dela “ekonomia hibernazio moduko batean” sartzeko Dekretua, egun batzuk geroago malguago egin dena EAJ-PNVk defendatzen dituen tesietara eramanez eta gutxieneko jarduera ekonomikoa ahalbidetuz. Bozeramaile jeltzaleak baieztatu du zuzenketa honen ondorioz eta “elkarrizketarako bidea” ireki dela egiaztatu delarik, Euskal Taldeak abstentzioa bozkatuko duela 10/2020 Lege Dekretuaren bozketan.

Hala eta guztiz ere, Estebanek salatu du Exekutibo zentrala “elefante bat ontzi-denda batean sartu balitz bezala” aritu dela ostegunean bozkatuko den beste Dekretu batekin. Hori da 11/2020 Lege Dekretua, enplegu-politika aktiboetarako autonomia-erkidegoen funtsak kentzea jasotzen duena. "Eskumenen sistema aldatzen du lege dekretu baten bidez, eta hau ezin da horrela izan", esan du, arau horretan bertan legea urratzen duten euskal udalei informazio eskaera egiten zaiela ere kritikatuz. Kasu honetan, EAJ-PNVk ez du oraindik erabaki zer bozkatuko duen baina, Aitor Estebanek esan duenez “oso zail egiten zaigu horren alde bozkatzea”.

Bozeramaile jeltzaleak Moncloako Itunen balizko berrargitaratzeari buruz ere hitz egin du. "Zehatz-mehatz jakin beharko genuke zeri buruz ari diren, ez dadila zunda globo bat bakarrik izan. Orain da unea honi buruz hitz egiteko? Zer bilatzen da zehazki? (...) EAJk, beti bezala, arduraz jokatuko du, eta gauzak eztabaidatu eta sakon negoziatu behar badira, hor egongo gara, baina oraingoz espekulazio hutsak dira", adierazi du.

Amaitzeko eta legealdiaren etorkizunaz galdetu diotenean, Estebanek nabarmendu du aurrekontuen onarpenak baldintzatuko duela. “Premiazkoa eta garrantzitsua eta osagarria dena bereizteko gai bagara, legealdi honi jarraipena eman ahal izango zaio; beste hauteskunde garai batean sartzea ez litzateke egokiena izango, baina hori dena baldintzatuko dute aurrekontu berrien inguruan ados jartzeko jarrerak eta gaitasunak, eta egoera honek Gobernuaren baitan utziko dituen ondorioek", amaitu du.

PARTEKATU