Iñigo Urkullu Renteriaren "Aurrera!"

 Iñigo Urkullu Renteriaren
25 Martxoa | Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren pandemiak ez du oraingoz haren hedapena kontrolatzen lagunduko digun txertorik, horregatik har dezakegun neurririk eraginkorrena osasun arduradunen aholku eta irizpideak jarraitzea da. Beti. Hartu diren neurriak martxan dauden jarduera guztietan aplikatu behar dira, segurtasun baldintzak bermatzeko.  Jarduera ekonomikoa ez da salbuespena. Horrek ez luke, inolaz ere, eztabaida publikorik sortu beharko. Enpresa guzti-guztiek bete behar dituzte garbitasuna, higienea, pertsonen arteko distantzia eta lantokian segurtasuna zaintzeko protokoloak. Baldintza hauek derrigorrezkoak dira kasu guztietan.

Osasun arau horiek errespetatzea beharrezkoa da ongizate egoera ahal den heinean bermatzeko eta jarduerari ahal den neurrian eusteko. Jarduera ekonomikoa erabat gelditzeak are zailago egingo luke herritarrei oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko aukera. Ulertu behar da zerbitzu horiek ekoizpen, fabrikazio eta banaketa jarduera etengabeak eskatzen dituztela. Eta azpimarratu behar da jarduera horietan pertsonen segurtasun baldintzak bete behar direla, salbuespenik gabe.

Ardura eta konpromiso publikoa eskatzen dut gai honen inguruan. Hartzen ditugun erabaki guztiak, orain arte bezala, osasun publikoko irizpide zorrotzetan oinarrituko dira. Erabakiak une egokian hartu eta gardentasun osoz komunikatuko dira. Espekulazioek herritarren frustrazioa elikatu besterik ez dute egiten, bestelako helburu antzurik ez badute. Errespetatu ditzagun osasun agintariei erantzunez hartutako irizpide eta erabakiak. Orain arte ongi oinarrituak, egokiak eta eraginkorrak izan dira. Ez da hau espekulatzeko unea, baizik eta birusari elkarrekin aurre egitekoa.
Gure ahalegin, arreta eta kontzentrazio guztia eskatzen du une honek. Elkarlanaren bidez aurrera aterako gara. Aurrera!

Eskerrik asko!

PARTEKATU