Jarduera ekonomikoa "ahalik eta irekien" mantendu beharra aldarrikatu du Ortuzarrek, betiere osasun baldintzak bermatzen badira

EBBko presidenteak ohartarazi du koronabirusak esparru ekonomikoan eta lan munduan ondorio latzak ekar ditzakeela, baina era berean aldarrikatu du COVID-19 delakoaren kontrako borrokaren atzetik dagoen kate produktiboa “aktibo” mantendu beharra dagoela
24 Martxoa | Berria

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur defendatu du koronabirusaren krisiak dirauen bitartean “jarduera ekonomikoa ahalik eta irekien mantentzeko ahalegina” egin beharra dagoela “langileen osasun baldintzak bermatzen badira,betiere”. Onda Vascari eskainitako elkarrizketa batean, Ortuzar pozik agertu da EAEko osasun sistemak COVID-19ko krisiak dakarren erronkari emandako erantzun handiagatik. "Une honetan eskertu behar ditugu aurreko krisi ekonomikoan osasun arloan murrizketarik ez egiteko egin ziren ahaleginak", adierazi du.

Ortuzarri galdetu diote jarduera ekonomikoa geldiarazi behar ote litzatekeen. Lehenengo eta behin langileen “osasun eta segurtasuna” bermatu beharra dagoela argi utzi ondoren, jeltzaleen buruak ohartarazi duenez “zigor bikoitza pairatzeko moduan egon gaitezke: bata da koronabirusarena; eta, beste bat, pandemia honek ekarriko duen krisi ekonomikoarena, 2008ko krisiaren ondorioz berreskuratzea horrenbeste kostatu zaigun milaka lanpostu suntsitzea ekar lezakeelako”. Horregatik aldarrikatu du ahalegina egin behar dela “ahal den enpresa kopururik txikiena” izan dadila ateak itxi beharko dituztenena, gerta litekeelako berriz ere ateak ireki ezinik geratzea beren jarduerari berriro heltzeko”. Ortuzarrek egoera honen beste alderdi bat nabarmendu du. “Ez da bakarrik koste ekonomikoa baloratzea, koronabirusaren kontra egiten ari garen borrokaren atzetik dagoen kate osoari eutsi behar zaiolako. Ospitale guztiek zabalik jarraitu behar dute, herritarrentzako elikagai eta oinarrizko gauzen hornikuntzari eutsi behar zaio”. Esan du. “Jarduera ekonomikoari ahal dugun neurrian eusten saiatu behar dugu. Zoritxarrez, tabernak, dendak eta negozioak itxi behar izan dira. Horiek denak errespetatzeko, beren dendak eta negozioak zabaltzeko moduan egon daitezen, herritargoak kontsumitzeko gaitasuna izan behar du ahal bezain pronto haiei laguntzeko”, esan du.

Ortuzarrek esan du Euskadiko Osasun Zerbitzua “sendoa” dela eta “enbatari aurre egiteko gaitasuna” duela . “Zailtasunak zailtasun, pandemia honi aurre egingo diogu. Zorionekoak gara oso osasun publiko ona daukagulako, oso ondo prestatua giza baliabideen aldetik, baina baita baliabide materialen aldetik”. Eta pertsona horiek egiten ari diren lana goraipatu du. “Ikaragarria da osagileak, erizainak,segurtasuneko langileak eta egoitzetako langileak egiten ari diren lana … Une honetan heroi anonimo asko daude, eta denek merezi dute egunero balkoira txalo egitera irtetea”.

Kazetariak eginiko galderei erantzunez eta polemikatan sartzeko asmorik gabe baina euskal hiritargoari gauzak argi eta garbi azaltzeko, jeltzaleen buruak deitoratu du Gobernu zentralak ezarri duen alarma-egoerak hainbat gabezia ekarri dituela osasun materialak erosteko eta banatzeko lanean. “Atzeratuta daude”, esan du. Gabezia txiki edo handiak ikusten ari dira orain ospitaleetarako materialak erosteko eta banatzeko orduan, test-ak , EPI-ak eta abar. “Berandutu egin dira. Autonomia erkidego bakoitzak lan horiek bereganatu ahal izango balitu, banaketa eraginkorragoa izango zen”, azaldu du. “Baina hau ez da kritikak egiteko momentua, baizik eta egiten ari diren hutsegiteak antzematekoa eta egoera berriei albait arinen erantzuna ematen saiatzekoa. Bakoitzak bere aldetik jarri behar du, denon arteko lankidetza eta koordinazioa behar dugu, egoera honetatik albait arinen irten gaitezen”.

Espainiako ejertzitoa Euskadira etorri dela esanez egin zaion galderari erantzunez, EAJ-PNVko presidenteak gatazka politikotik kanpo geratu nahi izan du. “Gobernu zentralak hainbat azpiegitura ditu Euskadin, eta lan batzuk egiteko orduan egokiena Ejertzitoa dela ulertzen badu, bere eskubidea da. Guk beti defendatuko dugu erakunde bakoitzak bere eskuduntzak baliatu ahal izatea eta dagokion ardurak bete ahal izatea”.

Oposizioaren eginkizuna izan da Ortuzarri planteatu dioten beste gai bat. “Gizakiaren berezko ezaugarria da, oposizioko alderdiak beren burua erakutsi nahian dabiltza eta erakutsi nahi dute beraiek gobernuan egongo balira gauzak bestela egingo liratekeela eta, seguruenik, ez zen koronabirusaren krisirik izango, nahiz eta pandemia globala izan”, esan du ironiaz. Ortuzarrek nabarmendu du Euskadin, Lehendakariak Euskadiko alderdiekin hauteskunde deialdia bertan behera uzteko egin zuen bileran “giro ona” nagusitu zela eta espero du alderdi politikoak “bide horretatik” ez irtetea. Jeltzaleen buruak beharrezko jotzen du koronabirusaren kontrako borroka lehenestea eta “lehen lerroan” dauden pertsonei laguntzea , momentu honetan “eskandalu politikoak” oso etsigarriak izan daitezkeelako herritarrentzat. “Esfortzu bat egin behar dugu ezbai politikoak konfinamendua amaitzen den egunerako uzteko. Etorriko dira eztabaidatzeko egunak, ondo egin dena eta txarto egin dena azaltzeko momentuak, baina oraingo hau laguntzeko momentua da. Hau ez da egin behar zenari edo egin ez denari buruzko eztabaida amaigabeetan sartzeko momentua”, amaitu du.

PARTEKATU