Euskal Taldeak Alarma-egoera luzatzearen alde bozkatuko du

Aitor Estebanek talde jeltzaleak emango duen botoa aurreratu du “pertsonen segurtasuna” bermatu beharra dagoela argudiatuz, baina berretsi du egoera hau ez litzatekeela “behar dena baino gehiago luzatu behar”
23 Martxoa | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur konfirmatu du EAJ-PNVko diputatuek baiezko botoa emango dutela atzo bertan Pedro Sánchezek Alarma-egoeraren luzapenaren inguruan iragarri zuen bozketan. Proposamen hori asteazkenean eztabaidatu eta bozkatuko da Kongresuan. Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Estebanek nabarmendu du Euskal Taldeak zehatz-mehatz aztertuko duela Ministroen Kontseiluak bihar onartuko duen testua, agiri horretan jasoko direlarik luzapen honen “baldintzak”, baina ildo beretik baieztatu duenez “logiko dirudi indarrean dauden neurriekin jarraitzea”. “Gauza guztien gainetik pertsonen segurtasuna dago” adierazi ondoren bozeramaile jeltzaleak esan duenez “zorionez, 15 egun horiek luzatu beharrik ez balego, Espainiako Gobernuak epe hori labur lezake” eta berretsi du egoera hori ez dela “behar dena baino gehiago luzatu behar”. 

Euskadiko kaleetan Ejertzitoa egotearen inguruan galdetu diotenean, Estebanek argi baino argiago utzi nahi izan duenez “Euskadiko erakundeetatik ez da gai honen inguruan ezer esan”. “Ikusten ari naizena da batzuk gai honen inguruan polemika sortu nahian dabiltzala”, esan du “eta ematen du batzuen interesa gehiago dela Ejertzitoa Euskadin ikustea, neurriak  benetan eraginkorrak izan daitezela baino. Gu ez gara horretan sartuko, guk ez dugulako polemika hori sortu”, amaitu du.

Bestalde, Estebanek "gardentasuna" eskatu du Errege Etxeko jardueretan, eta, ildo horretan, adierazi du EAJ-PNVk Ikerketa Batzorde bat eskatzen jarraituko duela Errege Etxeak berak konfirmatu zituenen inguruan dituen zalantzak argitzea eskatzeko. Ezagutu denez Felipe VI.ak aitaren herentziari uko egin zion eta esleipena kendu zion komunikatu ofizialaren bidez, eta hori argitu beharra dagoela adierazi du. “Nire sentsazioa da hau dena hasi baino ez dela egin eta gauza gehiago ezagutuko ditugula Suitzari eta Erresuma Batuari esker, Espainiako estatuari esker baino. Lotsagarria litzateke hori dena ezkutatzen nahi izaten jarraitzea”, adierazi du.

PARTEKATU