Ortuzar: “Bilera gozamena izan zen, oraingoa moduko egoera batean ez dago ez Gobernurik ezta oposiziorik ere: denok gaude talde berean”

EBBko buruak uste du Euskadiko Hauteskundeak egin beharko direla “osasun bermeak eta bozkatzeko bermeak ematen direnean, baina albait arinen”, eta espero du Pedro Sánchezek alarma-egoera baliatzea Euskadiko Autogobernua errespetatzearekin batera

Ortuzar: “Bilera gozamena izan zen, oraingoa moduko egoera batean ez dago ez Gobernurik ezta oposiziorik ere: denok gaude talde berean” 17Martxoa 17 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Hauteskundeetarako deia bertan behera uzteko erabakia hartzea erraza izan zen, eta inork zalantzarik bazuen, Frantziako hauteskundeetan gertatutakoa ikustea baino ez zegoen. Gozamena izan zen atzo Euskadiko alderdion artean egin genuen bilera, inork ez zuelako besteek baino ozenago hitz egin, ezta interes partidistarik erakutsi ere. Uste dut oraingoa moduko egoera batean ez dagoela ez gobernurik eza oposiziorik ere, denok gaude talde berean”.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea gogobete agertu da gaur Euskadiko alderdi politikoek atzo Urkullu Lehendakariarekin egin zuten bileran erakutsi zuten batasunagatik. Bilera hartan erabaki zuten apirilaren 5erako deitu ziren hauteskundeak bertan behera uztea. Sabin Etxetik bertatik Radio Euskadiri eskaini dion elkarrizketan, Ortuzarrek baieztatu nahi izan du hauteskunde berriak deitzea ez dela une honetan lehentasuna ez EAJ-PNVrentzat ezta Eusko Jaurlaritzarentzat ere. Lehentasuna da orain pertsonen osasuna eta koronabirusa gainditzea, baina baieztatu du hauteskundeak egin beharko direla “berme guztiekin”, eta ez bakarrik “osasun bermeekin baizik eta baita sufragio aktibo eta pasiboarekin, eta albait arinen egin beharko dira. Zergatik? Krisi honen ondoren etorriko zaiguna lan erraldoia izango delako eta Jaurlaritza eta Parlamentu indartsuak beharko ditugulako, herritargoak aukeratuak eta egin beharko den lan handiari ekiteko moduan egongo direnak,ekonomia berroneratzeko, suntsituko den enplegua berreskuratzeko eta 2008ko krisiaz geroztik kostata lortu dugun egoerara itzultzeko”. Berme horiek ematen badira, Ortuzar prest agertu da hautestontzietarako deia “uda baino lehen” egiteko eta baieztatu du horixe ere izan zela “atzo denok adostu genuena”, baina ildo beretik argitu duenez “osasun egoerak hala gomendatzen digulako urrira arte atzeratu behar badugu, hala egingo dugu, urrian izan beharko da”. Edozein kasutan, jeltzaleen buruak nabarmendu du deialdi berria egingo dela Osasun Larrialdia amaitzen bada eta ez alarma-egoera.

Halaber, Ortuzarrek gogora ekarri duenez “Eusko Jaurlaritzak bere ahalmen guztiak ditu gaur egun, jarduneko egoeran sartzen delako hauteskundeak egin eta hurrengo egunean. Ordura arte bere ahalmen guztiak izango ditu. Diputazio Iraunkorrak ere Jaurlaritza kontrolatzeko ahalmen guztiak ditu”. Era berean adierazi du berak espero duela “atzo eratu genuen mahaia izatea hitz egiteko eta zalantzak eta kritika guztiak adierazteko eta oposiziotik alternatibak planteatzeko tokia, konfiantzazko esparrua”. Ortuzarrek era berean eskatu du “erakundeen arteko norgehiagokan ez sartzea, neurririk atseginena ea nork ateratzen duen, edo proposamen politikoen norgehiagokan ez sartzea, burutaziorik handiena ea nork duen. Gizarteari esfortzu erraldoia eskatu diogu eta guk ere neurri berean jokatu behar dugu. Ezin gara liskar eta gatazketan erori. Esku onenetan gaude. Osasun agintari batzuk ditugu, osasun zerbitzu ona, oso sendoa, eta bidelagun izan behar dugu lan honetan. Egingo den edozer gauza bideratu behar da besteak hobetzera, osatzera edo laguntzera. Hortik kanpokoa ulertezina izango litzateke”, baieztatu du. Ildo beretik eta elkarrizketatzaileak galdetuta, jeltzaleen buruak ez du denbora luzea erabili nahi izan Espainiako gobernuak ezarri duen alarma-egoeraren inguruan sortu den hika-mikaz hitz egiteko. “Egia da alarma-egoera ez dela egin guk nahiko genukeen moduan. Eta Pedro Sánchezi eskatu diogu zorroztasun osoz erabil dezala, autogobernua errespetatuz, eta konfiantza daukagu horrela izango dela. Uste dut gauzak ondo joango direla”.

Ortuzarrek adierazi du jabetzen dela koronabirusaren krisitik “Euskadi berria” irtengo dela, eta arazo batzuk planteatuko direla Euskadiko erakundeen aldetik onena ematea eskatuko dutenak. “Seguruenik, etxean emango ditugun 15 egun hauek gure bizimoduaz pentsatzeko aukera emango digute. Bizimodu berrira moldatuko gara, halako esperientziek arrastoak uzten dituztelako. Eta ikuspuntu sozio-ekonomikotik argi dago egoera hau luzatzen bada, eragina nabarituko dela gure sare industrialean, enpleguan, ekonomian, denda txikiak dituzten milaka pertsonengan, autonomoengan, horren ahalegin handiz 2008ko krisitik irtetea lortu zuten guztiengan… Horiek guztiek laguntza handia beharko dute, gizarte sare bat, erakundeen babesa, erori ez daitezen. Seguruenik, erakundeen arteko talka-plana beharko dugu pandemia honen ondorio kaltegarriei aurre egiteko. Osasun krisia da orain baina,bigarren fase batean, ekonomikoa izango da”.

Amaitzeko, Ortuzarri galdetu diote Juan Carlos I.a Borboikoa eta Espainiako Errege etxea zipriztindu dituen ustezko ustelkeria eskandaluaz. “Egunotan jakin duguna konfirmatzen bada, lotsagarria da, Estatuko buru batentzat guztiz desegokia, eredugarria izatea exijitzen zaiolako. Errepublikako presidentea aukeratu egiten da, kendu eta jarri, baina erregeak ez, eta horregatik oso zorrotzak izan behar dira etika aldetik. Eredugarri izan behar dute herritar guztientzat, bestela auzitan jarriko delako zertarako balio duten eta zergatik egon behar duten dauden lekuan,edo zergatik ez ote dugun erabaki behar Estatuko burua nor izango den. Gauzak argi eta garbi. Monarkia da interesatuena honetan guztian dena argi eta garbi gera dadila. Komunikatua ondo dago, baina ez da nahikoa. Ustez eman diren jokaera horien inguruan zabaldu diren zalantza guztiak argitu behar dira. Nik uste dut keinu gehiago behar direla eta erabaki gehiago hartu behar direla erakundearentzat ia ia konponezina izan daiteken kaltea konpontzeko”, amaitu du.

Interesatu Zaitez