Europako lurraldean sartzeko pilatzen ari diren pertsonen aurka Grezia eta Turkiaren arteko mugan behin eta berriz ematen ari diren indarkeria-gertaerak Siriako gerraren ondorioen eta tartean diren munduko potentzien interes geopolitikoen adierazpen dramatikoa dira
13Martxoa 13
|
Krisi demografiko eta gizagabe berri honen erantzukizuna, pertsona ahulenei eragiten diena, inplikatutako herrialdeen berekoikeriari egotzi behar zaio, herrialde horiek baitira irtenbide politiko, humanitario eta iraunkorra bilatu beharko luketenak nazioarteko negoziazioaren eta bitartekaritzaren bidez. Tragedia horri amaiera emango bazaio,funtsezkoak dira etengabeko solaskidetza eta Europako Batasunak Turkiarekin daukan akordioa berriz negoziatzea, etorkinen fluxua bideratzeko eta berrantolatzeko eta errefuxiatuen banaketa arduratsua eta bidezkoa egiteko.
Halaber,Greziako errefuxiatuen eremuetako egoera, batez ere Lesbos, Salmos eta Chios uharteetan, baina baita Grezia kontinentaleko zenbait tokitan ere, jasanezina izaten ari da kanpamenduetan ematen ari den saturazioagatik, baldintza higieniko osasungaitzetan baitaude, gaixotasunak eraginez eta haietan bizi diren pertsonen osasun-egoera larriagotuz. Hori dena gutxi balitz, errefuxiatuen euren eta solidariotasun handiarekin laguntzen ari diren pertsonen segurtasuna arriskutan dago hainbat talde estremista eta xenofoboak egoera konplikatu horietan bizi diren pertsonak jazartzen eta erasotzen ari direlako.
Egoera dramatiko horren aurrean,pertsona askoren biziraupena jokoan dagoela eta oinarrizko printzipioak interes nazional eta geopolitikoekin bateragarri egiteko behar den orekaren egoera konplexua ikusita, Euzkadi Buru Batzarrak ondorengoa adierazi nahi du:
1. Errefuxiatuen aurka ematen ari diren etsaitasuna eta erasoak arbuiatzen dituela, eta elkartasuna adierazten diela eremu horretan elkartasunez laguntzen duten GKE eta erakundeei, lehenago aipatutako talde fanatiko horien biktimak ere badirelako. Bereziki, elkartasuna adierazten diogu Zaporeak GKEari, joan den martxoaren 1ean Lesbosen eraso egin baitzioten errefuxiatuen elikadura-baldintzak hobetzen laguntzeagatik.
2. Errusiak eta Turkiak joan den martxoaren 5ean Siriako Idbil eskualdean adostu zuten su-etenak eskualde horretako tentsioen gainbeherari bide eman diezaiola espero duela eta, era berean,egoera honek eragiten dituen eragileen arteko negoziazio politikoak ekar ditzala, Europako Batasunaren aldetik ere, Nazio Batuen babespean, bake iraunkorra lortzeko eta biztanleria zibilaren sufrimenduarekin amaitzeko.
3. Turkiak errefuxiatuekin egiten duen instrumentalizazio politikoa deitoratzen duela; nahita, Greziako mugan familiak eta haurrak pilatzea eragiten duelako, Europar Batasunari xantaia eginez eta bere helburu politikoak lortzeko asmoarekin.
4. Europako Batasunaren jarrera gaitzesten duela, Greziari oinarrizko giza eskubide bat, asilo-eskubidea, etetea ahalbidetzen diolako, bai eta hirugarren herrialdeek eragindako jazarpenenaren aurrean babes- eta elkartasun-araudia urratzen duelako ere, milaka errefuxiaturen etorkizuna arriskuan dagoela jakin arren.
5. Europako Batasunari eta Batasuneko kide diren herrialdeei erantzukizunez jokatzea eskatzen diela, Batasunaren kanpo-mugak babesteaz gain immigrazio- eta asilo-politika erkidea onar dezaten eta Europako estatu bakoitzak, justizia- eta ekitate-irizpideak jarraituz, adostutako parametro jakin batzuetan oinarrituta legokiekeen errefuxiatu-kopurua har dezan.
6. Europako Batasunaren aldetik 'Laguntza Humanitarioa emateko Premiazko Plana' eskatzen duela, giza ikuspegitik errefuxiatuek eta Greziako uharteetako biztanleek bizi duten egoera larriari aurre egin ahal izateko.